'Lex iniusta non est lex'

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Arruti Rezabal 2023ko uzt. 27a, 11:15

Aitor Arrutik uztaileko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Lex iniusta non est lex'.

Legearen helburua justizia ezartzea izanik, justua ez den legea ez dago bete beharrik. Hala ulertu izan du zuzenbide naturalak menderik mende, mundu osoko legegileen eta filosofoen hitzetan mamituta. Bat aipatzen hasita, Tomas Akinokoak zioen lege bidegabeek ez gaituztela kontzientziaz lotzen, egunerokoan bete beharreko arauak baldin badira ere. Lege bidegabea ez da lege, gure kontzientziak onartu ezin duen legeak ez baitu kategoria hori merezi. Lege naturala ez baldin bada, ez dago obeditu beharrik.

Azkenaldi honetan, lege naturalaren aurkako epai gehiegi eman dituzte hainbat epailek euskararen herrian, euskaldunon kaltetan. Zuzenbide naturala jarraitzekotan, ez da bidezkoa leku jakin batean hitz egiten den hizkuntza bat askatasunez erabiltzeko oztopoak ezartzea, mugatzea, debekatzea. Hizkuntza bati lotutako jendartearen baitan, hizkuntza horretan hitz egin nahi duen hiztuna ez da ezer inposatzen ari. Alderantziz, hori eragozten diona da jendea bidegabe behartzen ari dena, eragozten duena da inposatzailea, ez habitat naturalean hizkuntza erabili nahi duen hiztuna. Euskaldunok non aritu behar dugu, ba, euskaraz natural, Euskal Herrian ez baldin bada? Gizalegea da hori, eta lege naturala ere bai, nahiz eta gezurraren ahoak hiztuna inposatzen ari dela milaka bider errepikatu. Gezur makurrak dira horiek, eta horiek ez sinesteko eskatzen digu nola zuzenbide naturalak, hala zentzunak.

Kontuak kontu, zuzenbide naturalaren aurkako epaileek berdin jarraituko dute, lege bidegabeetan oinarrituta, gaztelaniadun elebakarrak are gehiago ahalduntzen. Eta gaztelaniadun elebakarrak eskubidea izango du hizkuntza ahaleginik txikiena ere ez egiteko. Bi, hiru, lau, bost hizkuntza ikasi dituenak, ordea, erabili nahiko lukeen mintzaira baztertu beharko du, elebakarrarekin espainolez egiteko. Bestelako kasuak badira elebakarren artean, baina konta ahalakoak. Hala izan da lehen, halaxe da orain.

Orain dela gutxi, alboan izan nuen gizon talde bat, bospasei euskaldun eleaniztun, bi gaztelaniadun elebakar. Esan beharrik ez zer hizkuntza zerabilten guztiek, bakoitzak ahal bezala. Ez zirudien espainol elebakarrak batere gaizki sentitu zirenik solaskideek beraiengatik ezinbestean espainolez aritu beharra izan zutelako. Horrela ohitu ditugu, normala iruditzen zaie gehienei, naturala, legeak arrazoia ematen die gainera. Lege naturalak, ostera, ez, bide zuzeneko zuzenbideak ez. Eta lege naturala ez dena, ez dago obeditu beharrik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide