Ez gara hain onak

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Arruti Rezabal 2021ko urr. 23a, 17:00

Aitor Arruti Rezabalek urriko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Ez gara hain onak'.

Bizi gera pobre eremu latz honetan, ez gera hain onak benetan", idatzi zuen Gabriel Arestik poema batean. Arrazoi zuela esan liteke, uste baino pobreago garela, ez garela uste genuen bezain onak, gure jokabideari begira jarrita. Azkenaldian, Euskal Herriko biztanleen artean espezie bat da ari da harrotzen: askefiloa. Azken ikerketen arabera, bi eratako askefiloak daude: euskararen arloko askefilo linguistikoak eta pandemiaren inguruko askefilo birikoak.

Askefiloak beti du arrazoi, eta arrazoia ez ezik eskubidea ere bai. Askatasun zalea izanik, eskubidea du inork hari ezer ez inposatzeko. Esate baterako, askefilo linguistikoak eskubidea du gaztelaniaz soilik jakiteko, askefilo birikoak edonon maskararik gabe ibiltzeko eskubidea duen hein berean. Bost axola ondorio kolateralekin zeinen eskubideak zapaltzen dituen.

Askefiloa biktima da beti, inoiz ez borrero. Askefilo linguistikoa jasaile da edozein lekutan berea ez den hizkuntza batean hitz egiten diotenean, askefilo birikoa COVID-19aren sintomak dituelako PCRa egiteko eskatzen diotenean bezalaxe. Aske jokatzeko eskubidearen aurkako eraso zuzenak dira horiek, nola bata, hala bestea.

 

Askefiloak beti du arrazoi, eta arrazoia ez ezik eskubidea ere bai.

 

Askefiloak badaki gainerako jendea zeinen oker dabilen. Askefilo linguistikoari alferrik aipatuko dizkiote hizkuntza bat baino gehiago ikastearen onurak, nork bere herrikoa ikastetik hasita, hark bai baitaki zein den ikasi beharreko hizkuntza, edonon balio behar duena. Askefilo birikoa ez dute engainatuko aldizkari zientifikoetan argitaratutako artikulu egiaztagarriekin, are gutxiago koronabirusa eragiten ari den triskantza ziurtatzen duen datu oldearekin. Askefiloari ez diote adarrik joko, inguruko jendeak berak dakien egia onartu nahi ez baldin badu, hor konpon.

Espezie berriaren garapena ikertzen jarraituz gero, jabetuko gara askefiloa kalteko bihurtzen dela, hizkuntzak nahiz jendea gaixotzera eta hiltzera kondena ditzakeelako. Hori guztia ez da haren ardura, ordea. Hizkuntza bat galtzea edo pertsonak kutsatzea ezin da izan askefiloaren borondatea behartzeko arrazoi, akabo ba!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide