Tokian tokiko kontsumoa

Aitor Arruti Rezabalek maiatzeko Maxixatzen aldizkarirako egindako iritzi artikulua: 'Tokian tokiko kontsumoa'.

Odola berritzea komeni dela entzun izan dut askotan. Hala, orain dela urte mordoxka bat zerbait erabaki nuen horren inguruan. Udaberria zen, eta uda hasi orduko dieta aldatu egingo nuen, sei hilabetez. Ekain bukaeran hasi eta abendu bukaeran bukatuko nuen jateko ohiturak hankaz gora jarriko zizkidan erregimena.

Erabakiaren jarraibide guztiak makrobiotika gidari baten kontsultan jaso nituen. Gibela zikinduta neukala esan zidan, hobe nuela baztertzea haragia, arraina, ohiko ogia, esnea, esnekiak, alkoholdun edariak, kafea, piper berdeak, porruak eta beste jaki-edari ugari. Horien ordez, kontsumi nitzakeen barazki jakin batzuk, zerealak, lekaleak, sojarekin egindako saltsa eta edari batzuk, zenbait infusio... ekologikoak betiere. Majo murriztu zitzaidan nire kontsumo esparrua.

Uda iritsita, gogotsu ekin nion neuk neure buruari botatako desafioari. Denda txikietan erosten nituen beharrezko produktu guztiak; ontzi eta zorroetako salgaien artean kanpokoak ziren asko, gainerakoak bertakoak, ahalik eta hurbilenekoak. Lehenengo pauso haietan konturatu nintzen gertu nenbilela garai batean gure inguruko etxeetan ahoratzen zuten dieta hartatik: barazkiak, lekariak eta zerealak, haragia eta arraina oso noizean behin.

Emaitzak berehalakoak izan ziren: jan-edanak mugatu orduko, bizi indarra areagotu zitzaidan, nekea gutxitu, energia biderkatu. Hala ere, erabakiak bazituen beste hainbat eskakizun, batere gustagarriak ez zitzaizkidanak. Lagunartean eta harremanetan oro har, urte erdiz nire janari- ontziekin ibili behar izan nuen etxez kanpoko otordu bakoitzean.

Ordurako ez zitzaidan askorik axola artaldean ardi beltza izateak, eta ohitu egin nintzen besteek kafea eskatzen zutenean tea eskatzen. Bere gordinean, esperientzia hark bizi-printza berriak erakutsi zizkidan; era askotara bizi naiteke, gauza askok ematen digute jaten, bizia ikusteko mila modu daude. Esatea erraza da, biziaz ikastea gehixeago kostatzen da, baina, egiaztatu dudanez, ederragoa da.

Egiaztatzen hasita, orain bizitzea egokitu zaigun itxialdian ahalmen asko aurki ditzakegu gure baitan. Neuk egiaztatua dut, esate baterako, gorputza jan- edanak adina elikatzen duela gogoa arteak; buru-bihotzen osasunean egundoko eragina du artisten lanarekin gozatzeak. Kulturgileen arloan ere, tokian tokiko salgaia kontsumitzea da onena, hemen euskarazkoa; ardatz horretan, kultura dieta kanpoko osagaiekin goza daiteke.

Euskarazko kultura eskaintza kontsumitu, ez zara damutuko.

Guka da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Gukako bazkide