'Belaunaldiz belaunaldi gordetako gure ohitura zaharrei eutsi nahi diegu'

Iosu Arrietak eta Gurutz Garmendiak Urola aldeko kontu ta komerixek ipuin liburua idatzi dute.

Garai bateko euskaldun jendeak kontatzen zituen ipuinak eta sortu berriak argitaratu dituzte Gurutz Garmendia eta Iosu Arrietak Urola aldeko kontu ta komerixek ipuin liburuan.

 

Aspaldi handitik dator Euskal Herriko etxe eta elkartzeko lekuetan ipuinak kontatzeko ohitura.

Gure arbasoak leize-zuloetan bizi zirenean hasitako ohitura dela dioenik ere bada. Izan ere, literatura hasiera batean ahozkoa izan zen, eta idatzizko bihurtu zen askoz ere geroago.

Aspaldi hartako gizon-emakumeek jakin zuten istorioak konta-tzeak eta entzuteak irudimena zabaltzen duela, eta adimena pizten. Jakinduria horren harira, neguaren bukaera aldera jaso genuen Gurutz Garmendiaren testuekin eta Iosu Arrietaren ilustrazioekin osatutako Urola aldeko kontu ta komerixek liburua.

Joxe Miel Barandiaranek bildutako ipuinak gure bailarako kontakizunekin lotu zituen Garmendiak, eta baita berriak sortu ere. Testuak osatuta, Iosu Arrietak irudiak erantsi zizkien ipuinei, haiek kolore erakargarriz jantzita biziaraziz.

Azkoitian eta Azpeitian aurkeztu zenuten liburua lehenengo. Urola bailarako beste herrietan ere aurkeztu al duzue?

Bai, Azkoitian eta Azpeitian egin ditugu aurkezpenak eta horiez gain, Zumaian ere aurkeztu liburua. Bestalde, Elgetako liburutegitik ere deitu zidaten, eta bertan Euskal sinesmen zaharrei buruzko tailerra eman nuen.

Zer moduko harrera izan duzue orain artekoan? Nolako iritziak jaso dituzue?

Egia esan, oso harrera ona izaten ari gara. Ezin esan jendetza uholderik ere etorri zaigunik aurkezpenetara, baina liburua irakurri dutenek, asko gustatu zaiela esan digute, eta oso pozik gaude alde horretatik.

"Esaera zahar batek dio, nora joan jakiteko, nondik gatozen jakin behar dela eta guk horixe bera bultzatu nahi dugu"

 
Ipuinak kontatzen ere aritu izan zara azken urteetan. Emankizunak egiten jarraitzeko asmorik bai?
 
Bai, bai. Egia esan, azken urteetan, saltsa askotan sartuta ibili naiz, eta neuri benetan gustatzen zaizkidan zereginetan murgiltzeko asmoa daukat hemendik aurrera. Oso garrantzitsua iruditzen zait geure aittitte eta amamen ipuin eta kontakizunak berreskuratzea, eta horretan gabiltza. Urola aldeko kontu ta komerixek liburuko ipuinak Azpeitian, Elgetan eta Errezilen kontatu ditut orain arte, eta toki gehiagotan ere kontatzeko asmoarekin nabil.
 

Zer adinetako jendearentzat dira egokiak liburuko ipuinak?

Ipuinak garatzeko ohitura ahozkoa izan da eta aittitte-amamek, etxe eta baserrietako sutondoetan kontatzen zizkieten txikienei. Horrela gorde dira, belaunaldiz belaunaldi gure ohitura zaharrak, eta guk horri eutsi nahi diogu. Beraz, adin aldetik ez dugu mugarik jartzen.

Ikastetxeetarako material egokia dela kontuan izanik, ikasleengana iristeko pausorik eman al duzue?

Orain arte liburu aurkezpenekin ibili gara buru-belarri, baina badaukagu bai asmoa ikastetxeetara ere hurbiltzeko. Ondo diozun bezala, garrantzitsua litzateke herriko eta eskualdeko haurrek, geure sinesmen zaharren berri izatea horiek ez daitezen galdu eta biziberritu ditzagun. Beraz, hurrengo pausoa horixe izango da, bai, ikasleengana eta ikastetxeetara gerturatzea.

“Oso garrantzitsua iruditzen zait geure aittitte eta amamen ipuin eta kontakizunak berreskuratzea, eta horretan gabiltza” 

 

Iosu Arrietak ilustratu du liburua. Elkarrekin beste proiekturik ba al duzue esku artean?

Oso marrazki ederrak egin ditu Iosuk, eta hemendik aurrera ere elkarrekin lana egitekotan gabiltza. Benetan interesgarria eta beharrezkoa den egitasmo batean sartu behar dugu.

Eskualdeko aittitte-amamei elkarrizketak egin eta grabatu, ondoren web orrialde batean zintzilikatu, materiala aztertu, eta horrekin guztiarekin haurrentzako material didaktikoa ateratzekotan gabiltza.

Bestalde, euskal sinesmen zaharrak berreskuratzeko taldetxoa osatzen ere bagabiltza (ateak zabalik daude, gerturatu nahi duenarentzako) eta horiei buruzko jardunaldiak antolatu nahi ditugu. Garrantzitsuak dira Grezia edo Egiptoko sinesmen zahar edo mitologiak, baina bertakoak ahaztu gabe. Leize zuloetatik datozkigun sinesmenak dira geureak, eta oso garrantzitsuak dira antzinako Europa nolakoa izan zen hobeto ezagutzeko.    Esaera zahar batek dio, nora joan jakiteko, nondik gatozen jakin behar dela eta guk horixe bera bultzatu nahi dugu.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide