Amaitu da liga

Erabiltzailearen aurpegia Anaitasuna Kakute Xake Taldea 2024ko api. 22a, 09:54

Joan den asteburuan amaitu zen taldekako Gipuzkoako Xake Liga, eta Anaitasuna Kakuteren bi taldeek mailari eutsi diote.

Lau hilabeteren ondoren, hainbat poz eman dizkigun taldekako Gipuzkoako Xake Liga amaitu zen joan zen asteburuan. Preferenteen mailan, Izarok, Anek, Mikel Arriolak eta Xuban Garatek osatutako talde gazteak 0-4 galdu zuen Donostian, Gros C taldearen aurka. Talde gaztea zein trebea zen Donostiakoa, eta horien artean zegoen Dani Odriozola, 12 urtez azpiko Espainiako txapelduna partida azkarretan. Modu horretara, Anaitasuna Kakutek 5,5 punturekin eta zortzigarren postuan amaitu du liga. Hirugarren mailan, Lucia, Denis, Juan Carlos Valor eta Alejandro Alzas Hondarribia-Marlaxka taldearen aurka lehiatu zen, eta 0-4 nagusitu ziren. Taldeak zortzigarren postuan amaitu du liga, 20,5 punturekin; Andoaingo Leiza taldeak irabazi du liga, eta bigarren mailara igo da.

Inoiz ikusi gabeko liga izan da. Beteranoek ahalegin handia egin dute Preferente maila salbatzeko, eta beren postuak utzi dizkiete federatu berri diren gazteei, haiek Gipuzkoako maila gorenetan lehiatu daitezen. Hain zuzen, gazteak ez dira kikildu, eta aukera aprobetxatuz, asko ikasi dute lau hilabeteko lehiaketa gogorrean. Zorionak kapitainei, Anibal Fernandezi eta Gaizka Alberdi, jokalariak koordinatzen aritu direlako eta mailak mantentzea lortu dutelako. Zorionak guztiei, lan oso ona egin duzue!

Txapelketak hasiko dira orain, eta lehenengoa Azpeitian izango da: partida azkarren Gipuzkoako Txapelketa jokatuko da, jokaldi bakoitzeko 15 minutuko eta bost segundoko partidekin. Azkoitiko zenbait jokalari ere bertan izango dira, eta gazteei ongi etorriko zaie ekainaren 16an Azkoitian jokatuko den Sustapena txapelketa prestatzeko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide