Batzuk beti aurretik

Erabiltzailearen aurpegia Joseba Elorza 2019ko mai. 26a, 09:55

Joseba Elorzak maiatzeko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Batzuk beti aurretik'.

Nirea ez da, urrutitik ere, mentalitate progresistetan progresistena. Ezta atzerakoienetakoa ere. Hori bai ezetz. Lagun min batekin behin baino gehiagotan komentatu izan dudan moduan, hemendik 100 bat urtera jaioko banintz, askoz ere zoriontsuago izango nintzateke. Dudarik ez dut. Kontrara, badakit urte kopuru berbera atzera eginez gero zer tokatuko zitzaidan bizitzea. Beraz, gaitz erdi.

Horren inguruko hainbat gogoetarekin ibili izan naiz azkenaldian. Galdera sinple batekin: pentsamendu ekonomikoak alde batera utzita, zerk eramaten ote du pertsona bat gogoeta eskuindarrekin bat egitera? Ideia zaharkituekin ados egotera. Bizitzea tokatu zaion garaiko egoera sozialak aurrerapen gehiago behar ez dituela pentsatzera. Dagoena ondo dagoela kontsideratu eta hobekuntzen inguruko hausnarketek buruko mina ematera. Alergia sorraraztera. Niri dena gaizki dagoela iruditzen zait barren!

Neuk ere ez dut galdera horren erantzunik. Baina bai historikoki frogatu izan den errealitate baten segurantza: belaunaldi guztietan gauzak aldatu eta hobetzeko lanak egin dituzten horiek, epe luzera, beti atera dira garaile. Hau da, atzetik zihoazenek beti bukatu dute, lehenago edo geroago, aurrerakoiei arrazoi ematen: lehenengo aldiz emakumeen bozkatzeko eskubidearen alde atera ziren haiek ez al ziren ba, akaso, zoro burugabe batzuk? Eta LGTBI kolektiboarenak aldarrikatu zituzten lehenak? Baita zezenketak barrabaskeria moduan ikusten hasi zirenak ere. Edota gehiengo handi baten aurka euren seme-alabek jaunartzerik ez egitea erabaki zutenak. Gogoan dut txikitan zer-nolako begi okerrez ikusten genituen horiek. Ikasturteko xelebreen moduan, alajaina. Orain, urte mordoxka bat geroago, pertzepzio zeharo desberdina dut: normal bakarrak ziren. Gu, berriz, ignorante galantak. Ni behintzat.

Gaur, asko dira garaiz kanpo daudela iruditzen zaidan gauzak. Gehiegi. Besteentzat arraroak ez direla ikusi eta inpotentzia ikaragarria sorrarazten didatenak. Zerrenda luzeegia litzateke. Bukaezina. Ideia bat egiteko, arropa dendetan mutilen eta nesken arteko zenbait jantziren bereizketa egiteak eta dena ematen dit amorru. Baita ehiza hobby gisa praktikatzeak ere. Edota norbaiti “luma” nabaritu eta homosexuala al den galdetu beharrak. Hankak zabal-zabal eginda ibiltzen direnei galdetzen al diet ba nik heterosexualak ote diren?

Hori beti izango da horrela. Gizarteko zati ez oso handi batek inkonformismoak eraginda gauzak aldatzen joateko borrokan egiten duen bitartean, dinosauroz osaturiko beste multzoak aurrerapen hori moteldu eta oztopatzen saiatuko da. Garaian garaikoa: duela 50 bat urte debatea emakumeek etxetik kanpo lan egiteko aukeraren ingurukoa zen, eta orain, berriz, haiek eraso matxistetatik babestuko dituen lege baten existentzia da. Adibidez. Eta inor ez da jada gainditutako gai hura zalantzan jartzera ausartuko. Ezta eskuindarretan eskuindarrena ere. Ba horrela beti.

Askori txorakeriak irudituko zaizkie nik gaur egun arkaikotzat ditudan ideiak. Badakit. Hala ziren, garai batean, lehen aipatutakoak ere. Nik, ordea, neurean jarraituko dut. Esan bezala, denbora kontua da. Ez nik nahi bezain azkar, baina gauzak aurrera doaz. Iraganean gertatu izan den moduan, hurrengo belaunaldiek gaur nire erokeriak direnak normaltzat ikusiko dituztela pentsatzeak lasaitzen nau. Beren aitona-amonek ohikotzat zituzten astakeriak. Besteen bilobek. Nireak ez. Hau lotsa, bestela.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide