Gorrotoaren inbertsioak

Erabiltzailearen aurpegia Joseba Elorza 2017ko mai. 16a, 10:00

Egunero horrenbeste gauza pasatzen den mundu konplexu honetan ez da erraza herrialde oso bat zutaz hitz egiten jartzea, ezta sare sozial guztiak milaka iruzkinez leherraraztea ere, edota telebistako zenbait debate eta pantaila ordu betearaztea.

Potoloa behar du izan gertakizunak, are potoloago protagonistak: Juan Carlos izena eduki eta aste bukaera pasa elefanteak akabatzera joan, edota herrialdeko presidente izan eta 10 urteko ume bat politikaz hizketan jarri eta hark esango lituzkeen esaldien parekoak bota. Ez dut 10 urteko umerik mindu nahi. Horrelakoren batek egingo du astebetean beste konturik ez izatea hedabide, taberna zuloetan eta, bereziki, Interneteko plataformetan. Horrelakoren batek, edo laranja koloreko autobus transfobo batek. Ezagutzen?

Ni ez naiz, egia esan, eskandalu txiki ororen gaineko iritzi fantastikoa nonbait idaztera joateko beharra izaten duten horietakoa. Ezta Facebooken gaiaren inguruan igotako argitalpen guztiei “haserretu egiten nau” ematen ibiltzen den haterra ere. Baina egia da zerbaitek benetan haserretzen nauenean gutxienez lagun edo etxekoren batekin barruak husteko behar natural hori izaten dudala. Edota Facebooken nire iritzi apala jakinaraztekoa. Edo bai, Maxixatzenen orrialdetxo bateko artikulua idaztekoa, zergatik ez.

Sevillan edo Las Palmasen gertatu bazen ere antzeko gaitzespena sorraraziko zidan, baina Madrilen gertatu zen, eta hiriburu horri diodan maitasun partikularrarengatik edo, bereziki ukitu ninduen berri hark: Hazte Oír izeneko erabilgarritasun publikoko elkarte batek, “Los niños tienen pene. Las niñas tienen vulva. Que no te engañen” lelopean, autobus bat atera du kapitaleko kaleetan zehar paseatzera. Bi potrorekin. Adierazpen askatasuna aitzakiatzat hartu, eta aste batzuk lehenago Euskal Herrian haur transexualitatearen ezagutzaren alde egindako beste kanpaina bati erantzuten dabil, nahiz eta eurek kontrakoa esan, 15 metroko katxarroa. 2017. urtean, gorrotoaren inbertsioak horrenbeste maite ditudan kaleetan dabiltza, zuzenean edo zeharka, jende askoren sentsibilitatea mintzen.

Esan bezala, adierazpen askatasunaren argumentu eskasa erabili du behin eta berriz elkarteko presidenteak komunikabideren batean azalpenak eskatu dizkiotenean. Espainian horren falta handia dagoela zioen, jada norbere ideiak libertate osoz adierazterik ez dagoela. Ahoa bete-bete eginda, gainera. Ez pentsa. Hartu arnasa, Joseba: askatasun eta eskubideek ere, nahiz eta batzuei ulertzea kostatu, mugak dituzte. Beste batzuk samindu eta haien eskubideak zure “askatasun” horien ondorioz urratzeraino ez heltzeko, adibidez. Egia da justu Espainian eskubide eta askatasun muga horiek bereziki selektiboak direla: Francoren heriotzaren urteurren bakoitzean Madrilgo plaza oso ezagun batera joatea besterik ez dago esaten ari naizena egiaztatzeko. Baina oro har badira, eta kasu honetan Carmenak ez dit huts egin.

Hala ere, horrelako edozein gorrotodun ekintza pairatzearen nire kontrakotasuna aurretik, uste dut eskandalu honek guztiak azkenean on eta dena egin diola askotan hain isilpean egon den transexualitatearen talde edo ez talde horri, bene-benetan. Indar oso handiz egin zaio aurre bai komunikabideetan, bai Interneteko hainbat orrialdetan. Azken aste hauetan gaia ondo ezagutzen ez zuen dozenaka lagun ikusi dut honen inguruan interesatu eta bere laguntza sare sozialetan erakusten, baita haur transexualitatearen existentziari buruzko arrastorik ez zuen jendea lehenengo aldiz horren berri izaten ere. Izugarrizko burrunda izan du, eta telebistan egunero egiten joan diren hainbat debateri, azalpeni eta kasu zehatzen analisiei esker sekulako bisibilitatea eman zaio. Beraz, gaitz erdi. Nire amak gauza txarrei alde ona topatu behar zaiela esaten du beti. Eta halaxe uste dut neuk ere.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide