Julen Alberdi: "Vicentek zein nik, biok, ditugu apustua irabazteko aukerak"

Ane Olaizola 2024ko api. 25a, 10:00
Iker Vicente eta Julen Alberdi aizkolariak, Tolosako zezen plazan. (Ibon Errazu Uria)

Julen Alberdi Txikia IV.a eta Iker Vicente aizkolariek apustua jokatuko dute larunbatean Tolosako zezen plazan. 60 ontzako 8 enbor eta 14 kanaerdiko moztu beharko dituzte norgehiagokan. Apustu egunaren atarian, "lan gogorra" izango dela aitortu du aizkolari azkoitiarrak, baina "horretarako prest" dagoela dio.

Julen Alberdi Txikia IV.ak eta Iker Vicentek aizkora apustua jokatuko dute larunbatean Tolosako (Gipuzkoa) zezen plazan, 18:00etatik aurrera. Atzo egin zuten aurkezpena hango zezen plazan, eta enborrak ere aukeratu zituzten. Adostutakoaren arabera, 60 ontzako 8 enbor eta 14 kanaerdiko moztu beharko dituzte. "Sasoiko" eta "konfiantzaz beteta" agertu ziren bi aizkolariak aurkezpenera. Apustu egunaren atarian, honako adierazpenak egin dizkio Txikia IV.a aizkolari azkoitiarrak hedabide honi:

Larunbatean jokatuko duzu apustua Iker Vicenteren aurka, Tolosan. Saioaren atarian, zer moduz zaude?

Orokorrean, ondo aurkitzen naiz. Hilabete dezente eman ditut entrenatzen, eta orain atseden hartzen ari naiz, larunbatera fresko irits nadin.

Punta-puntako aizkolaria, palmares handikoa, izango duzu aurrez aurre.

Maila horretan dagoen beste edozein aizkolarik bezala, errespetua eragiten du Vicenteren aurka aritzeak. Guztiok dakigu lan handia egiten dakiela eta ondo prestatuta joango dela larunbateko erronkara. Beraz, guk ere badakigu gauzak ondo egin behar ditugula.

2023a amaitzerako, Vicentek berak bota zizun erronka. Espero al zenuen? Nola hartu zenuen?

Data kontuan hartuta, ez nuen espero erronkarik izango zenik sasoi honetan. Burua ez nuen horretan behintzat. Vicenteren erronka proposamena aztertu genuen, eta baiezkoa eman genion azkenean.

Urtarrilean adostu zenuten apustua Tolosan bertan: zuk ahalik eta lanik motzena egitea adostu nahi zenuen; hark, ahalik eta luzeena. Zergatik?

Vicentek 60 ontzako enborrekin lan egin nahi zuen [60 ontzako hogei enbor mozteko apustua egitea proposatu zion hasieran Vicentek Alberdiri]. Dirudienez, horretan sentitzen da hura erosoen, eta orduan, kanaerdiko enborrak proposatu nizkion: erronkarako ahalik eta 60 ontzako enbor gehien kendu eta ahalik eta kanaerdiko enbor gehien sartzea zen gure helburu nagusia. Kanaerdikoak 60 ontzakoak baino txikiagoak direnez, horregatik esaten genuen ahalik eta lanik motzena egin nahi genuela.

Kanaerdiko enborrekin hobeto moldatzen al zara?

60 ontzako enborrekin ere gus- tura ibiltzen naiz, baina hark zerbaitegatik bota zuen 60 ontzako hogei enbor mozteko erronka, eta gu lan horiek pixka bat aldatzera joan ginen Tolosara.

Azkenean, 60 ontzako zortzi enbor eta hamalau kanaerdiko ebaki beharko dituzue saioan. Nolako erronka izango dela aurreikusten duzu?

Lan oso luzea da, eta iruditzen zait Vicente hasieratik oso indartsu hasiko dela. Lan gogorra izango da, beraz. Baina horretarako prestatu gara, eta uste dut biok ditugula irabazteko aukerak. Gainera, bera da faboritoa, eta alde horretatik lasaiago nago, presio gutxiago dudalako. Baina irabazteko aukerak ikusten ditut, eta horretarako borrokatuko dut.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide