Etzi eta maiatzaren 1ean ospatuko dituzte Floreagako festak

Mailo Oiarzabal 2024ko api. 24a, 12:28
Iazko Gurutzetxoko krosean ateratako argazkia. (Ane Olaizola)

Mus txapelketarekin hasiko dituzte jaiak ostiralean, eta 40. aldia beteko duen Gurutzetxoko krosa izango da festetako egun nagusiko hitzordu bereziena, asteazkenean.

Azken urteetan baino egitarau xumeagoarekin baina hutsik egin gabe ospatuko dituzte aurten ere auzoko festak Floreagan. Bi egun izendatu dituzte jaiak ospatzeko: etzikoa eta, nola ez, maiatzaren lehena.

Ostiralean, apirilaren 26an, 19:00etan txupinazoa bota ondoren, mus txapelketa izango da aurtengo lehen hitzordu nagusia. Floreagako tabernan, 22:00etan hasiko da txapelketa. Parte hartu nahi duten bikoteek 30 euro ordaindu beharko dute izena ematerakoan, eta lau sari izango dituzte jokoan: irabazleek txapelak eta 300 euro jasoko dituzte; txapeldunordeek, garaikurrak eta 150 euro; hirugarren sailkatzen direnek, bi txanpain botila eta 100 euro; eta laugarren sailkatzen direnek, bi txanpain botila eta 50 euro.

Krosaren 40. aldia

Festetako egun handia gaur zortzi, maiatzaren 1arekin, iritsiko da aurten ere, eta urtero bezala, Gurutzetxoko krosa izango da hitzordu aipagarriena; gainera, aurten 40 urte beteko ditu urtero dozenaka ume eta gaztetxo elkartzen dituen festa giroko kirol hitzorduak. 11:00etan hasiko da krosa, baina korrika egin nahi dutenek 09:30etik 10:45ak bitartean eman beharko dute izena tabernan.

Asteazken arratsaldean, berriz, puzgarriak, apar festa eta buruhandiak izango dituzte Floreagan, festa egun nagusia borobiltzeko

Hona hemen, Floreagako aurtengo festen egitarau osoa:

Etzi, ostirala, apirilaren 26a

  • 19:00. Txupinazoa.
  • 22:00. Mus txapelketa, Floreagako tabernan.

Maiatzaren 1a, asteazkena

  • 11:00. 40. Gurutzetxoko krosa.
  • 15:00. Puzgarriak eta apar festa.
  • 18:00. Buruhandiak.
  • 20:00. Festa amaiera.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide