Babesa, etxe alboan

Iraia Oteiza 2024ko api. 24a, 10:35
Azkoitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetarako sarrera. (Iraia Oteiza)

Udaletako gizarte zerbitzuen egitekoa anitza bezain ezezaguna izan liteke askorentzat. Langileen arabera, baina, nabarmen igo da zerbitzuen beharra.

Ongizate estatua eratzeak babes sistema are zabalagoa ekarri du, eta ondorioz, gizarte zerbitzuen lanak ere gero eta arlo gehiago barnebiltzen ditu. Horrek, baina, igo egin du gizarte zerbitzuen beharra duten herritarren kopurua.

"Normalizatu beharra daukagu bizitzako uneren batean gizarte zerbitzuen laguntza behar izatea, edonori gerta dakigukeelako lehenago edo geroago. Askotan ezkutatzen saiatzen gara, baina hurbil daukagun errealitate bat da", dio Iñaki Lasa Azkoitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako arduradun teknikoak. "Pertsona batek izan lezakeen zailtasun baten aurrean laguntzeko gaude gizarte langileok, bidelagun gara, gaixotasun baten aurrean medikua izan daitekeen moduan", gaineratu du.

Lasak dioenez, Azkoitiko kasuan, Gizarte Zerbitzuen laguntza behar duten gehienak azkoitiarrak dira, eta ez atzerritarrak. "Halako kontuak atzerritarren artean gertatzen direla uste dugu, baina hori guztiz okerra da".

Gizarte Zerbitzuen laguntza behar dutenen gehiengoa azkoitiarra da

Sei langile aritzen dira Azkoitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetan lanean: lau gizarte langile eta bi administrari. Horiek arlo ezberdinak lantzen dituzte, eta "hasierako zerbitzuak" eskaintzen dituzte. Lasak argi utzi nahi izan du, ordea, eskumen oro ez dela udalena: "Informazioa eman, aholkatu, orientazioa eskaini, edota egoera ezberdinen diagnostikoa egitea da gure lana. Hasierako zerbitzu horiek udaleko gizarte zerbitzuen eskumenekoak dira, baina beste batzuk, larriagoak direnak, aldundiaren edota Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoak dira". Hori horrela, udalak bideratzen ditu herritarrak beste zerbitzuetara, kasu bakoitza tentuz aztertuta.

Koordinazioa, funtsezkoa

Koordinazio estruktural sendoa osatu dute Azkoitiko Gizarte Zerbitzuek, adin txikikoen babesgabetasun egoerak, bazterkeria egoerak edota indarkeria matxista kasuak atzemateko baliagarri zaiena. Lasaren arabera, Osakidetzako mediku zein erizainekin, ikastetxeetako orientatzaileekin, Lanbiderekin eta elkarte zein eragile ezberdinekin kontaktuan egoten dira une oro, arlo horietakoren batean Gizarte Zerbitzuen laguntza behar izanez gero ere. Nahiz eta, batzuetan, egoera zailtzen zaien: "Gertatu izan zaigu bizilagunen bat gerturatzea abisuren bat pasatzera, baina hark salaketarik jarri nahi ez izatea. Horrek lagun diezaguke zenbait egoera hautematen; parte hartzeko, baina, jakinarazpen ofizial baten beharra daukagu. Horregatik da ezinbestekoa arlo ezberdinekin dugun koordinazio lan hori".

Bestalde, laguntzarik jaso nahi ez dutenen kasuak zailak direla argitu du Lasak, "norberak laguntza behar duela onartzen ez duen kasuetan, Gizarte Zerbitzuek ezer gutxi egin dezaketelako laguntzeko".

Kasu "delikatuak"

Adin txikikoen babesgabetasun eta bazterkeria kasuetan eta indarkeria matxista jasan dutenen kasuetan arreta berezia jarri du udaleko Gizarte Zerbitzuetako arduradunak, bereziki "delikatuak" izaten direlako.

Adin txikikoen kasuetan, programa eta ikastaro ezberdinak ditu indarrean Azkoitiko Udalak, horietako batzuk hezitzaile eta psikologoekin. "Adin txikikoekin tentu handiz ibili behar da, bazterkeria egoeran egon daitezke, bullying kasuren baten aurrean egon daitezke, suizidio saiakera kasuren bat egon daiteke, gurasoen dibortzio kasuren bat... Horiek lehenbailehen hautematea eta laguntzea da gure betebeharra, hau da, adingabea une oro erdigunean jartzea eta babestea". Batzorde bat eratu dute ikastetxeetako orientatzaileekin, psikologo batekin eta beste zenbait profesionalekin, egin beharreko esku hartze txikiak egin ahal izateko. "Gauza asko gurasoekin eta adin txikikoekin hitz eginda konpon daitezke, esku hartze txiki batzuekin. Gure helburua da ahal den heinean Gizarte Zerbitzuetara iritsi beharrik ez izatea; beraz, batzorde horrekin konpon badaiteke, hobeto. Arazoa ahalik eta azkarren artatzea da garrantzitsuena, asko korapilatzen bada gero zaila izaten delako horri irtenbidea ematea", argitu du Lasak.

Hamahiru indarkeria matxista kasu berri egon ziren iaz Azkoitian

"Adin txikikoekin arazo berriak dauzkagu orain, buru osasunari lotutako arazoak nabarmen hazi direlako azken urteetan", nabarmendu du.

Indarkeria matxista jasan dutenekin lotuta, berriz, zenbait datu ezagutarazi ditu hark: Azkoitiko azken datuen arabera, hamahiru indarkeria matxista kasu berri egon ziren iaz Azkoitian. Horietan, biktimari laguntzeko baliabide ezberdinak eskaintzen dituzte erakundeek: "Erakunde bakoitzak laguntza mota ezberdina ahalbidetu diezaioke biktimari, egoeraren arabera. Abokatuak, laguntza psikologikoa... aldundiak jartzen diz- kio. Udalean, baina, eta hau askok ez dakite, prozesu zail horretan bidelagun izan gaitezke. Protokoloak oso politak dira paperean, baina bide hori bakarrik egitea zaila izaten da, eta gizarte langileak horretan lagun diezaioke biktimari, are gehiago, protokoloa ongi ezagutzen duelako. Emakumeak babesa sentitu behar du une oro, erruduntasun sentimendurik edota zalantzarik izan ez dezan. Emakumeak indartsu eta ahaldunduta egon behar du, eta gizarte langileak horretan lagun diezaioke".

Kasu guztietan, udalek bideratzen dituzte kaltetuak aldundiko Gizarte Zerbitzuetara, baina ordutegitik kanpo, larrialdietako zerbitzu bat ere badago. 943-22 44 11 telefonora zein 112 zenbakira deituta egin daiteke eskaera. Egoeraren arabera, laguntzeko talde bat eratzen dute eta arazoa duenarengana bertaratzen dira. Hori ere aldundiak kudeatzen du. Lasaren arabera, baina, "zorionez, halako larrialdi gutxi gertatzen dira inguruan".

Baldintzen betebeharra

Etxegabetzeak ere Gizarte Zerbitzuen eskumenekoak izan ohi dira eta, kasu batzuetan, gizarte langileei "buru hauste bat baino gehiago" eragiten dizkietenak. "Etxegabetze prozesu oro saihestea nahi dugu, eta beti saiatzen gara horretan. Laguntza ezberdinak ditugu horiek eragozten laguntzeko, baina kaltetuak baldintza batzuk bete behar ditu laguntza horiek jaso ahal izateko", argitu du Lasak. Laguntza horien artean leudeke, esaterako, hipoteka ordaintzen laguntzeko diru laguntzak, alokairua ordaintzen laguntzekoak edota zorpetzeak ordaintzen laguntzeko diru laguntzak. Udalak egoera bakoitza "tentuz" aztertu ostean, diru laguntza horietakoren bat tramita dezake, betiere kaltetuak laguntza horiek emateko baldintzak betetzen baditu. Baldintza horien artean lehenengoa litzateke kaltetua ahulezia bereziko egoeran egotea, besteak beste.

Gizarte Zerbitzuetako arduradunak azaldu duenez, etxegabetzea gauzatu aurretik, auzitegia udaleko Gizarte Zerbitzuekin jartzen da harremanetan, etxegabetu beharreko pertsona edo familia egiaz ahulezia egoeran dagoela konproba dezan. "Gerta liteke ahulezia egoeran egotea, baina laguntza jasotzeko beste baldintzaren bat ez betetzea; esaterako, etxe horretan ez bizitzea, beste etxeren batean baizik, edota herrian erroldatuta ez egotea. Halako kasuetan ezin dugu lagundu guk. Baldintzak betez gero, baina, laguntzeko aukera anitza eskaintzen dugu eta Eusko Jaurlaritza arduratzen da etxebizitza sozial bat esleitzeaz".

Lasaren arabera, Azkoitiko Udaleko gizarte langileak "etikoak eta profesionalak" dira eta "behar bezala" jokatu dute halako kasu guztietan, bai herritarrekin eta baita sistemarekin ere.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide