LF Challenge-erako igoera fasea jokatuko du Domusa Teknik ISBk ostegunetik

Mailo Oiarzabal 2024ko api. 22a, 10:06
Domusa Teknik ISBkoak bazkaltzeko elkartu dira asteburuan, Utebora abiatu aurretik. (ISB)

Zortzi talde lehiatuko dira Utebon igandera bitartean eta bi txartel izango dituzte jokoan. Iraurgiren Euskal Ligako kadeteek, berriz, txapelketaren lauko finala jokatuko dute asteburuan; etxean ariko dira horiek, Azkoitian.

LF2ko liga erregularra B multzoaren hirugarren postuan bukatu ondoren, aste honetan LF Challenge-era –emakumeen Espainiako bigarren mailara, alegia– igotzeko fasea jokatuko du Domusa Teknik ISBk. Ostegunetik igandera bitartean jokatuko dute Utebon (Zaragoza, Espainia) igoerako fase hori.

LF2 ligako zortzi talde onenak lehiatuko dira Utebon eta datorren denboraldian LF Challengean aritzeko bi txartel izango dituzte jokoan. Lauko bi multzotan banatuta ekingo diote lehiari. Multzo bakoitzean ligaxka jokatuko dute –ostegunean, ostiralean eta zapatuan–, eta ligaxkaren ondoren multzo bakoitzeko lehen bi tokietan sailkatzen direnak igaroko dira lehiaren laugarren eta azken jardunaldira. Igandean, 1 multzoko onena 2 multzoko bigarrenaren kontra eta 2-ko onena 1-eko bigarrenaren kontra ariko dira finalaurrekoetan, eta partida horiek irabazten dituztenek lortuko dute mailaz igotzea.

Iraurgiren emakumeen talde nagusiari 1 multzoan aritzea egokitu zitzaion zozketan. Plasencia (liga erregularreko A multzoko bigarrena), Castelló (bere multzoko bigarrena) eta Maristas Coruña (A multzoko bosgarrena) izango dira Luis Agirre Katxi-ren taldearen aurkariak ligaxkan. 2 multzoan, berriz, talde hauek lehiatuko dira: Ausarta Barakaldo, Bosonit Unibasket, Arxil eta Leon.

Hau da Domusa Teknik ISBk igoera fasearen ligaxkan jokatuko dituen neurketen egutegia:

  • Apirilak 25, osteguna
    • 13:15. Hierros Diaz Miralvalle Plasencia-Domusa Teknik ISB.
  • Apirilak 26, ostirala
    • 13:15. Fustecma NBF Castelló-Domusa Teknik ISB.
  • Apirilak 27, zapatua
    • 13:15. Domusa Teknik ISB-Maristas Coruña.

Kadeteak, etxean

Baina emakumeen talde nagusia ez da aste honetan lorpen handia jokoan izango duen bakarra. Nesken Txapelketa erabakiko duen Euskal Ligaren lauko finala jokatuko du Moviltek ISBk asteburuan, eta gainera, etxean jokatuko dute, Azkoitiko kiroldegiak hartuko baitu final four hori.

Zapatu goizean jokatuko dituzte finalaurrekoak, eta igande goizean (11:30) ligaren irabazlea erabakiko duen final handia. Arabak Ordiziaren kontra jokatuko du zapatuko lehen finalaurrekoa (10:00); bigarren finalaurrekoan, 12:30ean, Gernika izango da Iraurgiko kadeteen aurkaria.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide