Botoa ematera deitutako azkoitiarren %53,77k eman dute boza 18:00ak artean

Iraia Oteiza 2024ko api. 21a, 19:15
Gaztanenean herritar bat botoa ematen, goizean. (Iraia Oteiza)

Arratsaldeko datuen arabera, lurralde guztietan egin du gora parte hartzeak. Gipuzkoaren kasuan, botoa emateko eskubidea dutenen %50,7k eman dute botoa 18:00etara bitartean.

Eusko Legebiltzarra osatuko duten ordezkariak aukeratzeko hauteskundeak aurrera doaz, eta parte hartzeari lotutako bigarren datuak ezagutarazi ditu Eusko Jaurlaritzak. Hala, 18:00etara bitartean, botoa ematera deitutako azkoitiarren %53,77k eman dute boza. Orotara, 8.484 azkoitiar daude botoa ematera deituta. 20:00etan itxiko dira hauteslekuak.

Gipuzkoan, berriz, %50,73koa izan da bigarren parte hartze datua; %36,7koa izan zen duela lau urte. Araban, %48,73k eman du botoa 18:00etarako, %33,2koa izan zen arratsaldeko parte hartzea 2020an; eta Bizkaian izan da ehuneko altuena, %51,87koa, hain zuzen. 2020an, %27,43koa izan zen ehunekoa lurralde horretan.

Hiru lurraldeak kontuan hartuta, %51,03ko parte hartzea izan da arratsalderako. Duela lau urteko hauteskundeekin alderatuta, hamabost puntu egin du gora parte hartzeak, %36koa izan baitzen orduan. Dena den, gaurko parte hartze datuak ez dira erabat konparagarriak aurreko hauteskundeetakoekin; izan ere, gaur, 13:00etan eta 18:00etan erregistratu dituzte parte hartzeari buruzko datuak, orain arte egin ohi zutena baino ordubete geroago, 14:00etan eta 19:00etan jakinarazi baitituzte.

Atari honek gertutik jarraituko du hauteskunde gaua, eta 21:00etatik aurrera hasiko da unean uneko emaitzak eskaintzen, grafiko eta bestelako irudiez osatuta.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide