Bozkatzera deitutakoen %32,57k eman dute botoa eguerdirako Azkoitian

Iraia Oteiza 2024ko api. 21a, 14:17
Herritarrak botoa ematen, Portaleburun. (Iraia Oteiza)

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan izaten ari den parte hartze datuen berri eman du Eusko Jaurlaritzak. Datu horien arabera, Azkoitiko parte hartzea %32,57koa izan da 09:00etatik 13:00etara bitartean.

Goizean zehar botoa ematen izan direnen zenbatekoak ezagutarazi ditu Eusko Jaurlaritzak, 09:00etatik 13:00etara bitartekoak. Azkoitiaren kasuan, botoa emateko eskubidea dutenen %32,57k bozkatu dute horretarako prestatu dituzten hauteslekuetan. Guztira, 8.484 azkoitiar daude botoa ematera deituta.

Gipuzkoan, berriz, botoa emateko eskubidea dutenen %30,02k bozkatu dute. 2020ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan %15,48koa izan zen parte hartzea eguerdian, oraingo datuekin alderatuta, ia erdia. Kontuan hartzekoa da, ordea, duela lau urteko hauteskundeetan ordubete lehenago eman zituztela lehen parte hartze datuak, eta posta bidezko botoaren portzentajea ohi baino altuagoa izan zen orduan, pandemiaren eraginez.

Lurralde guztietan egin du gora parte hartzeak: %25,93ko parte hartzea izan da Araban; %13,92koa 2020an. Bizkaian, berriz, %27,43k eman dute botoa eguerdirako, eta parte hartze datua %13,49koa zen duela lau urte. Hiru lurraldeetako datuak kontuan hartuta, igoera ia 14 puntukoa izan da: %28,05ekoa aurten; %14,14koa 2020an.

Jaurlaritzak 19:00etan ezagutaraziko ditu hurrengo datuak. Gogoratu 20:00ak arte egongo direla hauteslekuak zabalik. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide