Zornotza anaien idiek irabazi dute Udaberri Idi Dema Sariko lehen saioa

Iraia Oteiza 2024ko api. 21a, 13:23

Zallako Zornotza anaien idiak eta Ezkioko Igeldorenak lehiatu ziren atzo Gurea probalekuan. Bizkaitarren idiak nagusitu ziren 43 plaza, lau zinta eta 4,08 metro osatuta. Aldiz, Ezkioko Igeldoren idiek 40 plaza, hiru zinta eta 1,41 metro osatu zituzten. Bihar jokatuko dute Udaberri Idi Dema Sariko bigarren saioa.

Azkoitiko Probazale Elkarteak antolatuta, Kintopekoen Udaberri Idi Dema Sariaren lehen saioa jokatu zuten atzo, larunbatez, Azkoitiko Gurea probalekuan. Hasiera batean, lau idi pare ziren lehen saioan aritzekoak, baina, ordu gutxiren faltan pare batek baja eman zuen, eta atzo goizeko pisaketan, beste pare batek min hartu zuela eta ez ziren lehian izan horiek ere. Ondorioz, bi idi parek neurtu zituzten indarrak azkenean: Zallako Zornotza anaien idiak, eta Ezkioko Igeldorenak.

Bizkaitarrak izan ziren probalekura irteten aurrenak, eta beren idiek 43 plaza, lau zinta eta 4,08 metro osatu zituzten. Aldiz, Ezkioko Igeldoren idiek 40 plaza, hiru zinta eta 1,41 metro osatu zituzten. Horrenbestez, Zornotza anaien idiak izan ziren sariketako lehen saioko irabazleak.

Kintopekoen Udaberri Idi Dema Sariak bihar izango du jarraipena, eta beste hiru idi pare arituko dira lehian sariketaren bigarren saioan: I. Lopategirenak (Birle), Olidenenak (Orio) eta Olazar eraikuntzakenak (Lezo). Gurea probalekuan jokatuko dute lehia, 22:00etan hasita.

(Argazkiak: Ibon Errazu)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide