"Arautu gabeko migratzaileak erregularizatzeko" eskatu dute Isilune Zirkuluan

Iraia Oteiza 2024ko api. 19a, 12:44
Isilune Zirkuluaren apirileko elkarretaratzeko irudia. (Utzitakoa)

Harrera eta abegi ona lelo hartuta,  dozenaka herritar bildu ziren atzo arratsaldean Isilune Zirkuluaren salaketarekin bat egiteko.

Hileko hirugarren osteguna  izanik, Isilune Zirkuluak hileroko elkarretaratzea egin zuen atzo plazan. Harrera eta abegi ona lelopean, "arautu gabeko migratzaileak erregularizatzea" eskatu zuten bertan bildu zirenek. Elkarretaratzean azaldu zutenez, 425.000 pertsona inguru bizi dira Espainian irregulartasun administratibo egoeran, eta horiek arautzeko eskatu zioten Espainiako Gobernuari.

Ohi moduan, 20:00etan elkartu ziren plazan, zirkulu bat osatu eta elkarretaratze isila egin zuten. Isilune Zirkulua egitasmoaren helburua mundu mailako giza eskubide urraketak salatzea da, eta horretarako "gizatasuna plazara" ateratzea. Elkarretaratzeak hileko hirugarren ostegunetan egiten dituzte, hilero salaketa ezberdin bat plazaratuz.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide