Merkataritza bonuak erosi ahal izango dira gaur Kontzejupean

Iraia Oteiza 2024ko api. 19a, 10:41
Lehen merkataritza bonoak saltzen, Kontzejupean. (Azkoitiko Udala)

Goizean 10:00etatik 13:00etara bitartean, eta arratsaldean 17:00etatik 19:00etara bitartean egongo da bonuak erosteko aukera udaletxe azpian. Bonu bakoitzak 30 euroko prezioa du, eta 60 euroko balioa izango du ondoren saltokietan.

Azkoitiko Udalak, Herrixen merkataritza elkartearekin elkarlanean, merkataritza bonuak jarri ditu salgai beste urte batez. Ostiralean jarri zituzten salgai horiek Internet bidez, eta gaur aurrez aurre erosteko aukera izango da Kontzejupean, goizean 10:00etatik 13:00etara, eta arratsaldean 17:00etatik 19:00etara. Guztira 466 bonu jarri dituzte salgai udaletxe azpian.

Bonu bakoitzak 30 euroko prezioa du, eta 60 euroko balioa izango du ondoren saltokietan. Bonu bat erosten duenak 10 euroko balioa izango duten sei txartel izango ditu eskura, eta kolore ezberdinetakoak izango dira, trukatu ahal izango diren saltokiak bereizteko. Kanpainan 97 saltokik hartu dute parte, eta horiek identifikatzeko kartelak jarri dituzte atean.

Ekainaren 2ra arte egongo da bonuak dendetan trukatzeko aukera. Txartelak, kolorearen arabera, honako toki hauetan trukatu ahal izango dira:

  • Arrosa: elikadura, harategiak, arrandegiak, fruta dendak eta edari dendak.
  • Laranja: okindegiak, kafetegiak, jatetxeak, tabernak, gozotegiak, gozoki dendak eta baserrietako produktuak (azoka).
  • Berdea: moda, oinetakoak, osagarria, kirol dendak, mertzeria eta bitxiak.
  • Urdina: ile apainketa, estetika, masajea, dentista, podologia, optika, farmazia, parafarmazia, lurrin denda, drogeria eta belar dendak.
  • Morea: zerbitzuen sektorea, inprentak, paper dendak, bidaiak, aholkularitzak, gasolindegia, loradenda, iturginak, beirateria, dekorazioa, burdindegia, etxetresna elektrikoak, estankoak, tindategia, informatika, pentsuak, autoeskola, aseguru etxeak eta argazki dendak.
  • Horia: Orokorra -Establezimendu guztietan erabili ahal izango da-.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide