Azkoitiko Udalak errenta aitorpena euskaraz egitera animatu ditu herritarrak

Intza Trula 2024ko api. 16a, 12:15
Herritarrak errenta aitorpena euskaraz egitera animatu udalak. (Artxibokoa)

Iaz, Azkoitian, 2.193 herritarrek egin zuten errenta aitorpena euskaraz –egindako guztien %35–. Udalaren esanetan, helburua urtez urte kopurua gainditzen joatea da, "euskarari bide berriak zabalduz eta administrazioaren euskalduntzea sustatuz".

Azkoitiko Udalak UEMAk egindako kanpainarekin bat egin du, eta herritarrak animatu ditu errenta aitorpena euskaraz egitera. Hain justu, Gipuzkoan apirilaren 8an zabaldu zuten errenta aitorpena egiteko aukera, eta uztailaren 1ean itxiko dute. Azkoitiko Udalak jakinarazi duen moduan, iaz 2.193 herritarrek egin zuten errenta aitorpena euskaraz Azkoitian –egindako guztien %35–. Hori horrela, udalak dio helburua urtez urte kopurua gainditzea dela, "euskarari bide berriak zabalduz eta administrazioaren euskalduntzea sustatuz". Zera gehitu du: "Errenta euskaraz egiten duten herritarren kopurua urtez urte gorantz ari den arren, errealitate soziolinguistikoak erakusten dituen datuetatik urrun dago oraindik, eta horretan eragin nahi du UEMAk".

Errenta aitorpena euskaraz izenburupean abiatu du kanpaina UEMAk, eta jakinarazi duenez, Gipuzkoan dagoeneko 92.000 herritarrek baino gehiagok eskatu dute Ogasunarekiko harreman hizkuntza euskara izatea. 100.000 lagunetara iristea da helburua. 

Ohikoa denez, hiru bide daude errenta aitorpena egiteko: autolikidazio proposamena, mekanizatua eta Internet bidezkoa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide