Gutuna

Egoitzako igogailua dela-eta

Egoitza Kalera taldea eta San Jose egoitzako senide taldea 2024ko api. 15a, 10:18

Egoitza Kalera taldeak eta San Jose egoitzako senide talde batek honako gutun hau igorri du Maxixatzenera, Jose Mari Eliasek San Jose egoitzari buruzko kaleratutako 'Lehentasunak' gutunari erantzunez.

Sorpresa izan zen, bai, egoitzako zenbait senideentzat aurreko ostiraleko Maxixatzenen egoitzako igogailuari buruz azaldu zen gutuna irakurri genuenean. 

Urte batzuk daramatzagu egoitza kontu honekin eta ulertzekoa da Jose Mari, zu eta egoitzako beste senide batzuk nahiko berriak zaretenok eta aurretik San Jose egoitza honetako zenbait egoera zuzenean bizi izan ez duzuenok ikuspegi desberdina izatea, baina informazioa zein iturritik jasotzen den, horrek  ere badakigu  baduela bere eragina.

Gure helburua ez da hemen hika-mika hastea eta are eta gutxiago gu bezala egoitzako senideak zaretenokin, inolaz ere ez; baina gutun horretan aipatzen dituzuen zenbait gauza ez dira zuzenak eta gure ustetan zuzendu beharrekoak dira.  

Hasteko, gutunean diozue EH Bildu izan dela egoitzarako igogailuaren proiektuari (600.000 euroko aurrekontua duena) ezezko botoa eman diona. Bai, hala da, baina hori ez da datu zuzena, ez duzuelako esaten Azkoitia Baik ere ezezko botoa eman zuela; beraz, bi talde izan dira eta ez bat bakarrik.

Honi gehitu behar diogu, ezezko boto hori nondik datorren. Bi alderdi horietako ordezkariek jakin nahi zuten egoitzako erabiltzaileak direnek (egoiliar, langile eta senide) igogailu horren zenbaterainoko beharra ikusten zuten, eta horietako zenbaitekin harremanetan jarri ondoren, garbi ikusi zuten igogailu hori jartzea ez dela lehentasuna, ez duelako konpontzen egoitza honek duen benetako arazoa: bere kokalekua.

Udal agintariek igogailu hori jartzeko asmoa lehenengo aldiz azaldu zutenetik, senide talde batek behin eta berriz esan izan dugu eta esaten jarraituko dugu igogailu horrek ez duela ahalbideratzen egoiliarrak herriko bizitzan integratzea, horretarako egoitzak herrigunean egon behar duela pertsona bakoitzak nahi duenean eta erraztasun osoz, sartu-irtenak egiteko bere etxean bizi izango balira bezala.

Igogailuak pareta horrek duen altuerako aldapa jaistea erraztuko du, bai; baina, ondoren zer? Puntu horretatik herrigunera iristeko oraindik tarte handia gelditzen da bide-luzean ibiltzeko oztopoak dituen pertsonarentzat eta gurpildun aulkiari bultzaka ibili behar duenarentzat. Bide tarte horrek alde batera zein bestera aldapa izaten jarraitzen du, eta imajinatzen dituzue zeuen buruak zuen egoiliar senidearekin batera herriguneraino joaten edo bueltan igogailu hori geldituko litzatekeen punturaino euri zaparradetan? Haize boladekin? Eguzki galdatan? Ez, ezta? Garbi ikusten da igogailua jartzeak ez duela arazo hori konpontzen.

Norbaitek esango du: "Kasu horietan autoa edo Urbanoa hartu". Ah bai? Eta zer gertatzen da autoan ibiltzeko aukerarik ez dutenekin? Edota autoan sartzeko eta irteteko zailtasunak dituen egoiliarrarekin? Auto egokitu bat erosi? (edozeinek ez du horretarako baliabiderik). Urbanoan ibili beharrak ere bere oztopoak ditu: ordutegiaren menpe egotea, eguraldi txarra dagoenean ere geltokian zain egon behar izatea, egoiliar batzuk izaten duten beldurra Urbanotik igo eta jaisteko, bisitara doan edozein senideak bezalaxe… Egoiliar batentzat egoera horiek ez dira ezta osasungarriak ere! Azkenean, gelditzen den aukera bakarra da egoitzatik ez irtetea eta urteetan, eguna joan eta eguna etorri, bere inguruan ibili behar izatea beti pareta, arbola eta jende berdinak ikusiz, aipatutako muga eta oztopo horiek gainditu ezin dituztelako. Gogorra eta tristea ezta? Ba, igogailu batek ez ditu egoera horiek konpontzen.

Zaintzarako azken araudiak dio egoiliarrek herriko bizitzan integratuta egon behar dutela eta hori da Azkoitiko egoitzan bizi diren egoiliarren ezintasuna eta gabezia. Herritar bizia mantentzeko ezinbestekoa da egoitza bera herrigunean kokatuta egotea. Bertan bizi den edozeinek eskubidea izan behar du kalera edo beste edozein lekuetara norberak nahi duenean eta batere zailtasunik gabe sartzeko eta irteteko. Integrazio hori benetan emateko, ikusten dugun bide bakarra hori da, baita eskatzen jarraituko duguna ere. Herrian sinadura bilketa egin zenean (3.224 sinadura jaso ziren) ere garbi ikusi zen orokorrean herritarren nahia zein den: egoitza kalean egotea. 

Eta inork ez du eskatzen gaur egun dagoen bezala egoitza bere osotasunean kalean jartzea. Aukera desberdinak daude. Beste herri askotan bezala, eguneko zentroak egoitzatik aparte funtzionatzen dute. Aurreko hauteskundetarako erabili zuten propaganda izan zen eguneko zentro berria egiteko lokala erosi zela, baina oraindik hor dago martxan noiz jarriko duten aztarrenik gabe. Begira non duten aukera ederra 600.000 euro horiek erabiltzeko! Lokal horren hornidurarako oso ondo etorriko litzateke diru hori.

Zaharrentzako apartamentuak kalean egiteko ere laguntza ederra izan liteke. Herri erdigunean etxe zahar mordo bat dago, Azpeitian egin duten bezala, udalak erosi, berritu eta moldatu adinekoak bertan bizitzeko. Ikusten duzuen bezala aukera bat baino gehiago daude. Eta horiek dira lehentasunak!

Gauza horiek denak horrela izanik, esan beharra daukagu zuen gutun horretan kontraesanak agertzen direla. Alde batetik, alderdi politiko bat kritikatzen ari zarete igogailuaren proiektuari ezetza eman diolako, eta beste aldetik, zeuek zarete aldundia eta udalean agintean daudenen aitzakiak justifikatzen ari zaretenok auskalo zenbat metro koadro lur eta diru beharko litzakeen egoitza berria egiteko aipatuz. Horrek ez du batere logikarik. Behin baino gehiagotan eraikuntza horiek non joan litezkeen ideiak eman izan ditugu, eta ez gara berriro errepikatzen hasiko.

Gainera, gure ustez, diru eta lur kontu horien azterketa eta lanketa egitea ez dagokigu guri. Horretarako daude gure udaleko ordezkariak. Horiek badakite herritar multzo handi baten nahia zein den, eta denok elkarrekin nahi hori betetzeko erabili behar ditugu guk indarrak, txikiagoko eta bigarren mailako beste gauzetan desbideratu eta nahastu gabe.

Borondatea jarriz gero gauza asko lortzen omen dira, eta hori da aldundia eta hemengo agintariei falta zaiena.

Zuek, guk, Azkoitiko herritar inork ez genuke gabiltzan bezala ibili beharrik izango herri honetako zaintza sistema behar bezala pertsonen duintasunean zentratuta egongo balitz, eta ez dena diruaren araberan. Hor dago zaintzaren lehentasuna!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide