Hitz bitan

Iratxe Alberdi: "Okzitanian dugu bizimodua egina"

Ane Olaizola 2024ko api. 20a, 09:45
Iratxe Alberdi. (Utzitakoa)

Iratxe Alberdi (Azkoitia, 1987) Okzitanian bizi da duela hamabi urtetatik, eta horietatik zortzi urte Paue hirian igaro ditu. Duela urtebete bizilekuz aldatu zen bikotekidearekin batera, eta egun, Pirinioen magalean bizi da, Arudy herrian. Euskal Herrian dagoen kaleko giroa, horixe da Frantziako bizimoduan faltan gehien sumatzen duena, baina "denborarekin ohitu" egin dela dio. "Gustura" da Pirinioez bestaldean.

Non bizi zara?

Arudy herrian bizi naiz, Paue hiritik ordu erdira, Gourette eski estaziotik oso gertu, Ossau bailararen sarreran. Joan zen urtera arte Pauen bertan bizi nintzen, baina duela urtebete bikotekideak eta biok etxe bat erosi genuen mendialdean.

Zer dela-eta joan zinen Azkoititik Okzitaniara bizitzera?

Unibertsitatean Fisioterapia ikasketak amaitu nituenean, Euskal Herrian ez nuen lanik aurkitzen. Unibertsitateko lagun askori entzun nien Frantziara joanda zeudela, eta erabaki nuen hona etortzea lan bila.

Aurkitu al zenuen lana?

Hasieran, nahiko luze egin zitzaidan lana aurkitu nuenera artekoa. Lana egin ahal izateko baimena izan nezan, praktikak egin behar izan nituen aurrena, eta frantsesa ere ikasi beharra neukan. Orduan, lehenengoz etorri nintzenean, ume zain aritu nintzen; gero, fisioterapeuta moduan praktiketan hasi nintzen; eta azkenean, lanean hasi nintzen.

Lanbidez fisioterapeuta zara. Han errazagoa al da lanbide horretan jardutea, eta baldintzak bestelakoak al dira?

Bai. Batetik, aukera gehiago dago fisioterapeuta moduan lan egiteko, eta bestetik, baldintza hobeak daude hemen, fisioterapia Gizarte Segurantzan baitago txertatuta, eta beraz, hark ordaintzen ditu tratamenduak. Lanerako egoera bestelakoa da: soldata hobea dut hemen, baita lan gehiago ere.

Arudyra joan baino lehen, zortzi urtez bizi izan zinen Pauen. Hiriak, bere osotasunean, 160.000 biztanle inguru ditu. Nolakoa izan zen hara egokitzea?

Egia esan, ez nuen sumatu horrenbesteko aldaketarik. Gainera, unibertsitateko ikasketak Bartzelonan egin nituen aurrez, eta Paue txiki geratzen da Bartzelonaren aldean. Egia da hirian guztia bertan duzula, eta gauza gehiago egiteko aukera duzula, besteak beste, kultur eta ostalaritza eskaintzari dagokionez.

Elkarren ondoan daude Euskal Herria eta Okzitania, baina bi herrialdeen artean kontrasterik antzematen al duzu?

Euskal Herrian, bizitza kalean egiten dugu batez ere, izan lagunekin, umeekin parkean... Frantzian, berriz, bakoitzak bere etxean egiten du. Hori da aldaketarik handiena.

Zein da egun zure egunerokoa?

Paueko ospitalean egiten dut lan, eta 16:15 aldean amaitzen dut lanaldia. Ospitaletik etxera etortzen naiz, eta lehen korrika egitera ateratzen nintzen, baina orain haurdun nagoenez, ezin dut korrika egin. Asteburuetan, berriz, saiatzen gara mendi aldera joan eta pasierak-eta egiten. Gainera, mutil-laguna eskalatzen aritzen da, eta herrian horretarako eremu bat badugunez, askotan jotzen dugu hara.

Zer da inguru horretatik gehien gustatzen zaizuna?

Pirinioetan bertan gaude, eta gauden lekuan egoteak aukera ugari ematen dizkigu gustatzen zaizkigun gauzak egiteko, batez ere mendi aldera joateko.

Maiz bueltatzen al zara Azkoitira?

Lehen, hilean behin saiatzen nintzen Azkoitira asteburu bat igarotzera joaten, baina etxean ditugun obrak medio, azken urtean aukera gutxi izan dut. Gainontzean, saiatzen naiz familia eta lagunak ikustera joaten.

Etorkizunean, non ikusten duzu zure burua?

Gaur-gaurkoz ez dut asmo handirik Azkoitira itzultzeko. Izan ere, Euskal Herriko lan egoera ez da hobetu, eta guk hemen dugu bizimodua egina.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide