Pako Sudupek 'Immigrazioa eta abertzaletasuna' liburua idatzi du

Iraia Oteiza 2024ko api. 11a, 12:03

EHUrekin eta UEUrekin elkarlanean osatu du idazle azkoitiarrak liburua. Bere lan berrian, Hego Euskal Herrira etorritako migratzaileen kopuruak indar abertzaleen aldetik sortu dituen diskurtsoak izan ditu kontagai.

Pako Sudupe idazle azkoitiarrak Immigrazioa eta abertzaletasuna izeneko liburu berria idatzi du. Egungo egoera linguistiko kulturala nolatan iritsi den ulertu nahiak bultzatu du lan berria ontzera, eta Hego Euskal Herrira etorritako migratzaileen kopuruak indar abertzaleen aldetik sortu dituen diskurtsoak jarri ditu mahai gainean, denboran atzera saltoak ere eginez. Horretarako, immigrazioa eta abertzaletasuna hizkuntzaren eta kulturaren aldetik arakatu ditu batik bat.

Sudupek azaldu duenez, "Iñaki Iurrebasok berriki euskararen ezagutza eta erabilerari buruz egindako doktore tesiaren arabera, batez beste, gehienez %18 elkarrizketa egin daitezke euskaraz Euskal Herrian. Egoera linguistiko honetara heltzeko, era askotako arrazoiak egon dira noski, historiko-politikoak, sozioekonomikoak... baina immigrazioak ere eragin handia izan du. Eta itxura guztien arabera, izaten jarraituko du. Euskararen balio soziala zenbat eta kaskarragoa izan, orduan eta kaskarragoa izango da euskararen, hots, euskaldunon egoera ere, euskaldun izaten jarraitu nahi dugun heinean". Hori horrela, bere lan berria "egoera horrek kezka sortzen dion edonori" zuzendua dagoela esan du idazle azkoitiarrak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide