Merkataritza lokal hutsak berraktibatzeko diru laguntzak emango ditu udalak

Iraia Oteiza 2024ko api. 3a, 12:22

Hutsik dauden merkataritza lokaletan jarduera ekonomikoren bat jarri nahi dutenek, edota aurretik martxan dagoen komertzioren bati jarraipena ematekoak diren ekintzaileek eskatu ahal izango dituzte laguntzak. Eskaerak aurkezteko epea abenduaren 2ra arte egongo da zabalik.

Azkoitiko Udalak merkataritza suspertzeko diru laguntzak emango ditu beste urte batez. Hutsik dauden merkataritza lokaletan jarduera ekonomikoren bat jarri nahi duten, edota aurretik martxan dauden komertzioei jarraipena ematekoak diren ekintzaileei zuzendutako diru laguntzak izango dira, lokalaren alokairua ordaintzeko balioko dietenak.

Udaleko Merkataritza arloak 2016an jarri zuen martxan diru laguntza ildo hori. Hasiera batean, Alde Zaharreko lokaletara mugatu zuen laguntza, baina 2020az geroztik herri osoko lokalak hartzen ditu barne.

Diru laguntzak jaso ahal izateko, alokairu kontratuaren iraupenak gutxienez bi urtekoa izan beharko du. Kontratua indarrean dagoen urte horietan, diru laguntzaren zenbatekoa hileko alokairu prezioaren %50ekoa izango da, gehienez hilean 250 euroko mugarekin.

Eskaerak aurkezteko epea abenduaren 2ra arte egongo da zabalik; horiek telematikoki aurkez daitezke udalaren webgunean, edota presentzialki Herritarren Arreta Bulegoan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide