Garaipenik ez Anaitasunaren talde nagusiek

Ane Olaizola 2024ko mar. 25a, 09:54

Ligako neurketa bana jokatu dute asteburuan Anaitasunako lehen taldeek, etxetik kanpo. Gizonek galdu egin dute Pasaiaren aurka, eta emakumeek berdindu, Lakuaren kontra.

Ligako partidak jokatu dituzte asteburuan Anaitasuna futbol klubeko talde nagusiek, eta batak zein besteak ezin izan dute joan den asteko garaipena errepikatu: Espainiako Hirugarren Mailakoak 2-0 galdu du Pasaian, eta Euskal Ligakoak 2-2 berdindu du Sansomendin.

Joan den asteburuan Padura taldearen aurka 2-0 nagusitu ondoren, larunbat arratsaldean etxean hartu zuen sailkapeneko 16. postuan den Pasaia taldeak Anaitasuna. Txema Añibarroren mutilek golak sartzeko hainbat aukera izan zituzten hasieratik, baina markagailua hutsean zela amaitu zuten partidaren aurrenengo zatia. Azkoitiarrek bigarren zatian ere ezin izan zuten golik sartu, eta norgehiagokaren hondarrean, pasaitarrek ia segidan sartu zituzten partiduko bi golak, Anaitasuna mendean hartuz. Punturik eskuratu gabe, sailkapeneko 13. postuan kokatu da Azkoitiko taldea.

Euskal Ligan puntu batekin itzuli ziren etxera, berriz, Anaitasunako emakumeak. Aurreko asteburuan Erandioko Betiko Neskak taldearen aurka gailendu ziren Mikel Barqueroren taldeak, eta atzo, sailkapenaren 11. postuan dagoen Lakuari egin zion bisita. Azkoitiarrak partida galtzen hasi ziren hirugarren minuturako, eta ordu erdira iritsi zen Gasteizko taldearen bigarren gola ere. Dena den, bigarren atsedenaldira joaterako Anaitasunak 2-1 jarri zuen markagailua, Oihanak buruz egindako golari esker, eta partidaren 70. minutuan, berdindu egin zuten gorrixek, Mariaren golarekin. Gaur-gaurkoz, sailkapeneko 13. postuan da Anaitasuna.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide