Irudimena dantzan jartzera dator ArtHaziak

Erredakzioa 2024ko mar. 22a, 12:00
Mireia Galarza Bastida izango da 'ArtHaziak' saioaren aurkezlea. (Guka)

Umeei zuzendutako eskulan saioak prestatu ditu Gukak, eta bere hedabide guztietan ikusi ahalko dira, apirilaren 2tik 5era. Zozketa eta denbora-pasak ere izango dira webguneetako atal berezietan.

Artearen hazia ereiteko asmoz, ArtHaziak ikus-entzunezko saioa eskainiko du Gukak bere hedabide guztietan. Eskulan saioa izango da, eta etxeko txikienen irudimena dantzan jarri nahi du, zailtasun desberdinetako lanak egiteko aukera eskainiz. Saio horiek 5 urtetik gorako umeei zuzenduta daude, eta apirilaren 2tik 5era bitartean ikusi ahal izango dira Erlo Telebistan eta Gukaren webgune guztietan, 15:00etan: maxixatzen.eus, uztarria.eus, baleike.eus, karkara.eus, zarauzkohitza.eus eta urolakosta.hitza.eus atarietan, hain zuzen ere. 

Guztira, zortzi eskulan egin ahalko dira ArtHaziak saioak jarraituta: igela, lehoia, mikroskopioa, garaikurra, ardiak, txita, martetarrak eta suziriak. Mireia Galarza Bastida aurkezleak gidatuko ditu saioak, eta eskulan bakoitza pausoz pauso nola egin behar den azalduko du ikus-entzunezko bakoitzean. Neska-mutilek etxean egon daitekeen materiala baliatuta gauzatu ahal izango dituzte eskulan horiek: kartoia, kartulina, guraizeak, kola edota zeloa erabilita, alegia. Hala ere, zenbait kasutan gurasoen laguntza beharko dute haurrek; kola beroa erabili behar den kasuan, adibidez. 

ArtHaziak saioa Erlo Telebistan jarraituz gero, saioko bi eskulan egin ahalko dituzte haurrek, eta saioak webguneetan ikusiz gero, berriz, horietako bakoitzean eskulan bat nola egin azalduko du Galarza aurkezleak. 

Gukak Pazko Asterako haurrei zuzendutako saioa prestatu nahi izan du, haurrek oporraldian diren bitartean irudimena lantzeko aukera izan dezaten, eta bide batez, gauza politak egin ditzaten etxeko materiala baliatuta. 
Data berberetan, hau da, apirilaren 2tik 5era bitartean, eskulanen saioak emititzeaz gain, galdera-erantzunen jolasa eta denbora-pasak ere izango dira Gukaren webguneetan berariaz sortuko diren atal berezietan: ArtHaziak izena izango du atalak. 


Zozketa eta denbora-pasak


Pazko Asteko asteartetik ostiralera, galdera-erantzunen jolasa izango da webguneetan, guztira hamar galderarekin; haurrek galdera orokorrak nahiz marrazki bizidunei lotutakoak erantzun beharko dituzte. Ondoren, galdera guztiak egoki erantzuten dituztenen artean Azpeitiko Diart arte dendak emandako produktu sorta zozkatuko du Gukak.

Bestalde, denbora-pasak egiteko aukera ere izango dute haurrek webguneetako ArtHaziak atalean. Aldizkarietan argitaratzen diren denbora-pasak webguneetara ekarri nahi izan ditu modu horretan Gukak.
Beraz, ez izan zalantzarik. 5 urtetik gorako haurrak baldin badaude zure etxean, animatu ArtHaziaken mundu liluragarrian murgiltzera, artearen hazia ereitera. 

Beraz, ez izan zalantzarik. 5 urtetik gorako haurrak baldin badaude zure etxean, animatu ArtHaziaken mundu liluragarrian murgiltzera, artearen hazia ereitera. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide