Datorren larunbatean jokatuko dute Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia, kirola eta festa uztartuz

Nerea Uranga 2024ko mar. 17a, 11:04
Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren antolatzaileak, laguntzaileak eta babesleak, ostiralean. (Nerea Uranga)

Martxoaren 23an jokatuko dute Diego Garciaren oroimenezko 31. Azkoitia-Azpeitia nazioarteko maratoi erdia, Running festa lelo hartuta. Bi herrien arteko zortzi kilometroko lasterketa motza ere egun berean jokatuko da. Ostegunera arte dago bi probetan izena emateko aukera zabalduta.

"Diego Garciak eta haren lagunek hasi zuten lasterketa hura festa handi bat bihurtu da gaur egun, eta Running festa lelo egokia iruditzen zaigu, Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren festa mundu guztira zabaltzeko, baina gure izaera mantenduz", hala adierazi zuen maratoi erdiaren aurkezpen ekitaldian probaren antolatzaile taldeko Agustin Jimenezek.

Datorren larunbatean, martxoaren 23an, jokatuko da Diego Garciaren oroimenezko 31. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia 16:30ean. Aurretik, 16:15ean hasita, lasterketa motzaren (8,1 kilometrokoa) hamabigarren edizioa jokatuko da.

Ostiralean aurkeztu zuten probaren antolatzaileek, laguntzaileek eta babesleek 31. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia Azpeitiko Loiola hotelean; aurten, gainera, Gipuzkoako maratoi erdiko txapelketa jokatuko da. "Gipuzkoako atletismo federazioarekin harreman ona dugu, eta aurten lurraldeko maratoi erdiaren txapela Azkoitia-Azpeitian jokatuko da. Gipuzkoako atleta federatu guztiek, gutxieneko marka izanda, doan izango dute maratoi erdian parte hartzea", azaldu zuen Jimenezek.

Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia "txalogarria eta kalitatekoa" dela azpimarratu zuten ostiralean babesleek eta languntzaileek, hala nola Laboral Kutxak, El Diario Vascok, Iraurgi Berritzenek, Gipuzkoako Atletismo Federazioak, Azkoitiko Udalak eta Azpeitiko Udalak: "Altxorra da. Korrikalari herrikoiei elitekoekin batera lasterka egiteko aukera eskaintzen dien proba bat da, eta primeran antolatuta dagoena, gainera".

Elitekoen artetik Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian izango diren batzuk aipatu zituen Jimenezek, eta azpimarratu zuen emakumeetan izan daitekeela lehia estuena. Etorriko diren atletak honakoak dira emakumeetan: Rose Chelmo keniarra eta Londresen Munduko Maratoi Txapelketako irabazlea, besteak beste; Cynthia Kosgei keniarra, Azkoitia-Azpeitiako iazko irabazlea; Boulaid Kaoutar Bilbao atletismo taldekoa; Irene Pelayo, Pielagos taldekoa; eta, Elena Loyo. Gizonetan hiru dira maratoi erdian parte hartuko duten keniarrak: Meshack Kimutai Kibil, Elijah Kibet eta Eric Kering. Horiez gain, Embay Goitom etiopiarra etorriko da eta Nicolas Cuestas uruguaiarra.

Diego Garciaren oroimena bizirik mantentzeko, Xeye atletismo taldeak maratoi erdiaren lehen zenbakidun dortsala haren familiari emango diote. Bigarren zenbakiduna Alejandro Gomezen familiari eta hirugarren dortsala Ione Basterraren gurasoei, eta Roller probak Basterraren izena hartuko du. Aurten, irteeran beste korrikalari bat gogoratuko dutela nabarmendu zuen Jimenezek: "Enrique Gil korrikalaria iazko abenduaren 30ean hil zen, Enrique Azpeitiko sansilbestrean irteteko izena emanda zegoen, baita maratoi erdi honetan parte hartzeko ere".

Erdia baino gehiago emakumeak

Kirolari herrikoien parte hartzea sustatzeko lan egiten dutela azpimarratu zuen Jimenezek, haien helburua Azkoitiko eta Azpeitiko kaleak korrikalariz betetzea delako. Horrez gain, emakumeen parte hartzea nabarmendu zuen Azkoitia-Azpeitia Xeye atletismo taldeko ordezkariak: "Emakumeen parte hartzea gehitzeko ahalegin berezia egiten dugu, eta dagoeneko, proba motzean emakumeak gehiago dira: partaideen %51 dira emakumeak. Maratoi Erdian, berriz, %15 dira emakumeak.

Jimenezek probaren laguntzaileak eta boluntarioak eskertu zituen, haien laguntzarik gabe maratoi erdiari urteetan eustea ezinezkoa izango zela esanez. Running festa leloa aukeratu izanaz ere hitz egin zuen: "Bat baino gehiagok galdetu digute leloaz, eta running jarri diogu nazioartera jo behar dugulako gure probari eusteko, eta baina gure izaerari eta kulturari keinu egiten diogu, txalapartaren irudia erabiltzen dugulako kartelean: txalaparta tradizionalki sagardoaren eta baserriaren munduari lotua egon da". Probaren hasieran, Azpeitiko Itsasiko ttuntturroek parte hartuko dutela iragarri zuen Jimenezek, eta ibilbidean zehar musika animazioa egongo dela disko jartzaileekin, UK03 txarangarekin eta gaiteroekin.

Gainera, aurten, Azkoitia-Azpeitia maratoi erdira datozenei eta herritarrei "plan oso bat eskaintzeko" asmoz bisita gidatuak prestatu ditu Iraurgi Berritzeneko Turismo arloak. Lasterketako ibilbidearen logika bera jarraituz, Azkoitian hasiko dituzte bisitak 10:00etan, eliza ataritik abiatuta. Azpeitian izango dute jarraipena, 12:00etan abiatuko baitira plazako kiosko paretik. Bisitak doakoak izango dira eta euskaraz zein gazteleraz egiteko aukera izango da. Parte hartzeko, 688 75 94 29 telefonora idatzi edo deitu beharko da, egin nahi den bisita eta hizkuntza adieraziz. Antolatzaileek herritar oro gonbidatu dute bisitetan parte hartzera, korrikalariak izan ala ez. Begoña Beobide Iraurgi Berritzeneko zuzendariak nabarmendu zuen, dagoeneko hamasei pertsonak izena emanda dutela bisita gidatuetan parte hartzeko.

Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia World Athletics erakundearen Road Race Label maila duen Gipuzkoako errepideko lasterketa bakarra da, eta antolatzaileen eta babesleen arabera, "atletikoki" Euskal Herriko maratoi erdi "onena" da. Proba homologatuta izatearen garrantzia ere azaldu zuen Jimenezek: "Gero nazioarteko beste hainbat maratoi edota probatan parte hartzeko Azpeitiko maratoi erdian egindakoa baliogarria da".

Lasterketaren xehetasunak

- Izen ematea: datorren ostegunean, martxoaren 21ean, itxiko dute, eta probaren egunean ezingo da izenik eman.

- Irteera: Azkoitian izango dute irteera proba motzak (16:15) eta maratoi erdiak (16:30). Helmuga bi probek Azpeitian izango dute, Loiola hotelaren aurrean.

- Dortsalen banaketa: Izena emateko orduan hala eskatuta dutenek, dagoeneko honako tokietan jaso ditzakete dortsalak eta korrikalari poltsak: Azpeitian, Aitzaki kirolaken; Azkoitian, Plaza Berri Sport dendan; Zarautzen, Helmuga kirolaken; Donostian, Robers kirolaken; Bilbon, Bikilan; eta Gasteizen, Runningfizen. Probaren egunean, berriz, dortsalak Azkoitiko Julio Urkijo kalean banatuko dituzte, 12:00etatik 16:00etara bitartean.

- Arropa jasotzeko zerbitzua: Azkoitiko Julio Urkijo kalean jarriko dute, irteeraren gunean.

- Kafea irteeran: Brasileña kafe etxeak eskainita, irteera puntuan kafea hartzeko aukera izango dute parte hartzaileek.

- Autobus zerbitzua: Korrikalariak irteera gunera eramateko, Azpeititik Azkoitira autobus zerbitzu berezia egongo da. Ikasberriko biribilgunetik irtengo du autobusak; aurrenak 14:30ean irtengo du eta 16:00ak bitartean joan-etorrian ibiliko da.

- Anoa guneak: bost anoa gune jarriko dituzte ibilbidean zehar, honako kilometro puntuetan egongo dira: 4,1 kilometroan; 9,3an; 12,4an; 16,4an; eta helmugan gune berezia.

- Erbiak: lasterkari herrikoientzako erbiak jarriko dituzte. Honako denborak izango dituzte horiek: 1:20; 1:24; 1:30; 1:40; 1:50 eta 2 ordu.

- Gipuzkoako maratoi erdiaren txapelketa jokatuko da Azkoitia-Azpeitian, eta txapelketako lehen bost sailkatuek honako sariak jasoko dituzte: aurrenak 250 euro, bigarrenak 200 euro, hirugarrenak 150 euro eta laugarrenak nahiz bosgarrenak ehuna euro. Ordainsari horiez gainera, lehen hiru sailkatuek Gipuzkoako Atletismo Federazioaren dominak jasoko dituzte.

- Domina: Lasterketa bukatzen duten korrikalariek finisher domina jasoko dute.

- Dutxak eta aldagelak: lasterkarientzako aldagelak eta dutxak Azpeitiko igerilekuan egongo dira.

- Ibilbidean animazioa: maratoi erdiaren ibilbidearen hainbat gunetan musika animazioa egongo da disko jartzaileekin, Zubiondoko gaiteroekin edota UK-03 txarangarekin.

- Informaziorako: Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren antolatzaileek edozeinek kontsulta egiteko edota informazioa eskatzeko kontsultak@azkoitiazpeitia.eus helbide elektronikoa jarri du.

 

 

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide