Gorka Pagonabarragak irabazi du Erniarraitz sariketaren bigarren kanporaketa

Intza Trula 2024ko mar. 16a, 14:16
Zestoako Lau Iturri elkartean atzo iluntzean abestu zuten bertsolariak. (Erniarraitz)

Julene Iturbe azkoitiarrak, Aimar Sorazu zarauztarrak, Gorka Pagonabarraga durangarrak, Irantzu Idoate hazpandarrak, Maddi Aiestaran beasaindarrak eta Eki Mateorena leitzarrak abestu zuten atzo Zestoako Lau Iturri elkartean. Atzoko kanporaketan erabakita geratu ziren Erniarraitz sariketaren finalean izango diren sei bertsolariak.

Gorka Pagonabarraga durangarrak irabazi zuen atzo iluntzean Zestoako Lau Iturri elkartean jokatutako Erniarraitz sariketaren bigarren kanporaketa. Bertan abestu zuten, Pagonabarragaz gainera, Julene Iturbe azkoitiarrak, Aimar Sorazu zarauztarrak, Irantzu Idoate hazpandarrak, Maddi Aiestaran beasaindarrak eta Eki Mateorena leitzarrak. Hain justu, joan den martxoaren 1ean jokatu zuten txapelketako lehen kanporaketa Azkoitian, eta Andoni Rekondo izan zen irabazlea. Hala, atzoko lehian erabakita geratu ziren datorren ostiralean, hilaren 22an, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean jokatuko den Erniarraitz sariketaren finalistak: Andoni Rekondok, Gorka Pagonabarragak, Eki Mateorenak, Irantzu Idoatek, Aitor Tatiegik eta Maite Sarasolak jokatu dute, hain zuzen, final handia.

Antolatzaileen esanetan, "giro beroa eta etxekoa" nabarmendu zen atzo iluntzean Lau Iturri elkartean. Halaber, sariketa jokatu zuten sei bertsolariak "oso txukun" jardun zutela azaldu dute. 

Honakoak dira atzo iluntzean jokatutako kanporaketaren emaitzak: Gorka Pagonabarraga 248,5 puntu, Eki Mateorena 243,5 puntu, Irantzu Idoate 238,5 puntu, Julene Iturbe 234,5 puntu, Aimar Sorazu 231,5 puntu, Maddi Aiestaran 227,5 puntu. Eta honela geratu da, berriz, final handirako sailkapena: Andoni Rekondo 253 puntu, Gorka Pagonabarraga 248,5 puntu, Eki Mateorena 243,5 puntu, Irantzu Idoate 238,5 puntu, Aitor Tatiegi 238 puntu, Maite Sarasola 235,5 puntu.

Hilaren 22an, 22:00etatik aurrera, jokatuko da Erniarraitz sariketako final handia, Sanagustin kulturgunean. Joan nahi dutenek Kulturaz.eus webgunean eros ditzakete sarrerak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide