'Esnearen kolorekoa' antzezlana taularatuko du Tanttaka Teatroak Baztartxon

Ane Olaizola 2024ko mar. 14a, 14:00

Larunbatean, 19:00etan izango da antzerki emanaldia, eta Joseba Apaolaza, Miren Arrieta, Mireia Gabilondo, Aitziber Garmendia, Jon Olivares eta Jose Ramon Soroiz aktoreak izango dira Baztartxoko oholtzan. Sarrerak salgai daude Interneten, eta egunean bertan ere salduko dituzte.

Tanttaka Teatroak Esnearen kolorekoa antzezlana taularatuko du zapatuan Baztartxo antzokian. Azkoitiko Korrika Kulturalaren barruan antolatu dute saioa, eta herritarrek 19:00etan ikusi ahal izango dute Fernando Bernuesek Nell Leyshonen nobelan oinarrituta zuzendu duen obra. Gainera, eskarmentu handiko aktoreak izango dira Baztartxoko oholtzan, hala nola Joseba Apaolaza, Miren Arrieta, Mireia Gabilondo, Aitziber Garmendia, Jon Olivares eta Jose Ramon Soroiz. Sarrerak salgai daude www.entradium.com atarian, eta egunean bertan leihatilan ere erosi ahalko dira.

Obrak Maryren istorioa kontatzen du: Mary, bere familiarekin 1830eko nekazal giroko Ingalaterrako baserri batean bizi da. Ilea esnearen kolorekoa du eta hanka batean arazo fisikoa zuela jaio zen. Baina, familiaren kondenatik ihes egitea lortzen du, bikarioaren emaztea zaintzeko neskame gisa lan egitera bidaltzen dutenean. Orduan izango du irakurtzen eta idazten ikasteko aukera. Liburuetan “marra beltz pila bat besterik ez” ikusteari utziko dio. Itzalen mundua uzten duen heinean, argiak are itsugarriagoak izan daitezkeela ohartuko da, eta horregatik, Maryri bere istorioa kontatzeko ahalmena baino ez zaio geratuko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide