Sektore publikoko langileen grebak eragina izan du herriko zenbait zerbitzutan

Iraia Oteiza 2024ko mar. 12a, 14:34

Anbulatorioan izan du grebak eraginik handiena, harreran gutxieneko zerbitzuak eskaintzen ari direlako.

Sektore publikoko langileen grebak eragina izan du herriko zenbait zerbitzutan. Anbulatorioan, esaterako, gutxieneko zerbitzuak eskaintzen ari dira harreran, eta langile bakarrak dihardu lanean. Medikuei lotuta, erdiak bat egin du greba deialdiarekin, baina beste erdia normaltasunez ari da zerbitzua eskaintzen.

Azkoitiko Udalean grebak ez du eragin nabarmenik izan. Brigadako hiru langilek eta udaletxeko beste hiruk bat egin dute deialdiarekin, baina orotara 65 bat langile direla kontuan hartuta, normaltasunez ari dira zerbitzuak eskaintzen.

ELA, LAB, CCOO, ESK eta Steilas sindikatuek deitu dute gaurko greba. Sektore publikoko langileen hirugarren lanuztea da gaurkoa; urriaren 25ean egin zuten lehena, eta abenduaren 19an, berriz, bigarrena. Sindikatuek azaldu dutenez, sektore publikoko langileen egoera "benetan" aldatzeko helburuarekin hartu dute mobilizazioekin jarraitzeko erabakia: "Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak diru bilketetan errekorra eta aurrekontuetan superabita dutenean, langileen behin-behinekotasunak muga historikoa gainditu du (%44) eta erosahalmenaren galera %8tik gorakoa izan da bi urteotan". Honakoa gehitu dute: "EAEko sektore publikoko bigarren greba egunetik bi hilabete igaro dira, eta erakundeek eta ordezkari politikoek elkarrizketarako eta akordiorako borondatea adierazi duten arren, sektore publikoko egoera ez da hobetu, kontrara, langile publikoen lan baldintzek okerrera egiten jarraitzen dute".

Gaurko lanuztearen aldarrikapenen artean daude soldatak %10 igotzea eta langileen behin-behinekotasuna %8an kokatzea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide