Idi apustuarekin eta asto probarekin ospatu dituzte festak Baztarrikalden

Iraia Oteiza 2024ko mar. 11a, 13:29

Aiako Erreistak irabazi zuen Igeldoren aurkako idi apustua larunbatean, eta ondorioz, berak eraman zituen jokoan ziren 3.000 euroak. Aldiz, Torrontegi bizkaitarraren astoa izan zen asto probako garailea.

Asteburuan ospatu dituzte Baztarrikaldeko festak Azkoitian. Gurea pilotalekuko probalekuaren bueltan izan da aurten jaia, larunbat gauean idi apustua eta igande arratsaldean asto proba egin baitzituzten han.

Aiako Erreistaren eta Ezkioko (Gipuzkoa) Igeldoren idi pareek neurtu zituzten indarrak larunbatean Gurean, eta jendetza erakarri zuen apustuak. Ipintza harria erabili zuten probarako, eta 3.000 euro izan zituzten jokoan. Erreista izan zen probalekura irteten aurrena, eta bere idiek 50 plaza eta 1,50 metro osatu zituzten. Aldiz, Ezkioko idiek 45 plaza, hiru zinta eta 3,30 metro osatu zituzten. Horrenbestez, Aiako Erreistarentzat izan zen txapela.

Atzo, berriz, astoek hartu zuten idien lekukoa Gurean. Asto proba aspalditik da Baztarrikaldeko jaietako osagaia, eta aurtengoan ere ez du hutsik egin. Hiru asto lehiatu ziren probalekuan: Aizarnazabalgo Etxaberena, Maruriko (Bizkaia) Billabasorena eta Gamizko (Bizkaia) Torrontegirena. Azken hori izan zen garailea, bere astoak 62 plaza osatu baitzituen hogei minutuko saioan. Aldiz, Etxabe aizarnazabaldarrarenak 56 plaza bete zituen denbora tarte berean, eta Billabasorenak 52.

(Argazkiak: utzitakoak).

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide