'Sex o no sex' ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da bihar Matadeixen

Iraia Oteiza 2024ko mar. 9a, 09:49

Virginia Imaz Oihulari Klownak eskainiko du ikuskizuna. Sarrera 7 euro ordaindu beharko da, Matadeirako sarreran.

Virginia Imazek Oihulari Klown antzerki taldearen 'Sex o no sex' klown parodia eskainiko du bihar, igandea, Matadeixen. 19:00etan hasiko da emanaldia, eta sarrerak Matadeirako sarreran erosi beharko dira, 7 euroren truke.

Pauxa pailazoaren paperean, Imazek bizitzari, heriotzari eta sexuari buruzko galderak egingo dizkie ikusleei. Horiek bere gogoeta zoroen konplize eta lekuko bihurturik, Pauxak bere sexu-hastapenak partekatzeko eta giza harremanen inguruan dituen kezka eta lotura osasungarriak kudeatzeko zailtasunak aitortuko ditu.

Ikuskizunean, Virginia Imazek hilekoa, kutsadura, gorputzarekin dugun harreman konplexua, lehen musua, koitoa, kondoiaren negoziazioa, ginekologoaren bisita, haurdunaldia edota menopausia bezalako gaiak aurkeztuko ditu, umorean eta samurtasunean oinarritutako clown joko baten bidez; hein batean, errudun sentitu gabe gozatu beharreko zailtasunez hitz egingo du. Sexu-ohituretan (edo absentzian) oinarritutako proposamen ludikoa da, eta hori guztia generoaren ikuspuntutik aztertuko du, Oihulari Klownen sorkuntza oro bezala.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide