Lanbide Heziketaren eta enpleguaren azoka antolatu dute eskualdeko hainbat eragilek

Juan Luis Romatet 2024ko ots. 28a, 08:00

Zatoz! izeneko lehen azoka Zarautzen egingo dute martxoaren 6an, eta Urola Kosta eta Urola Erdi mailako Lanbide Heziketako eta enpleguko eskaintza ezagutzera ematea du helburu. Azkoitiko eta Azpeitiko ikastetxeetako DBHko eta Batxilergoko ikasleek parte hartuko dute, baita Izarraitz Lanbide Heziketak eta Iraurgi Berritzen garapen agentziak ere.

Datorren asteazkenerako, martxoaren 6an, Zatoz! Lanbide Heziketa eta Enplegu Azoka antolatu dute Zarauzko Munoa plazan. Urola Kosta eta Urola Erdiko Lanbide Heziketako ikastetxeek (tartean, Izarraitz Lanbide Heziketa), garapen agentziek (tartean, Iraurgi Berritzen) eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak elkarlanean antolatutako azokak "talentuaren sorrera, erakartzea eta mantentzea sustatzea" ditu helburu, antolatzaileek adierazi dutenez. Lehen azoka Zarautzen egingo dute, baina hurrengo edizioetarako Urola Kostan eta Urola Erdian txandaka egitea dute asmoa.

Azoka osoko jarduera izango da. 10:00etatik 18:30era bitartean, Urola Kostako eta Urola Erdiko Lanbide Heziketen zein garapen agentzien eskaintza ezagutzeko aukera izango dute azokara joaten direnek. Bederatzi stand jarriko dituzte, eta Lanbide Heziketako eskaintzarekin batera, ikastetxeen enplegurako prestakuntza eskaintza eta garapen agentzien eta Lanbideren enplegurako baliabideak erakutsiko dituzte. 

Urola Erdiko eta Urola Kostako DBH eta Batxilergoko ikasleak goizean joango dira azokara. Hala, 950 bat ikaslek parte hartuko dute azokan. Antoniano Ikastetxea, Azkoitia BHI, Floreaga Salestar Ikastetxea, Ikasberri Azpeitiko Ikastola, Iraurgi Ikastetxea, La Salle Ikastetxea, Lizardi BHI, Orioko Herri Ikastola, Oteitza Lizeo Politeknikoa, Salbatore Mitxelena Ikastola, Zaragueta Herri Eskola, Zumaiena Ikastetxea, Zumaia BHI, Urola BHI ikastetxeetako ikasleak joango dira Zatoz! azokara. 

Egitarauaren barruan, goizean zehar hiru solasaldi egongo dira, eta bertan ikastetxeetako zuzendari, ikasle eta enpresetako ordezkari banak parte hartuko dute, iritzia azaltzeaz gainera, Lanbide Heziketaren egungo egoera eta joerak ezagutaraziko dituzte.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide