Txelo Arango: "Ikasleekin asko ikasi dut, batik bat txikienekin"

Mailo Oiarzabal 2024ko mar. 4a, 09:49
Txelo Arango. (Mailo Oiarzabal)

Iaz hartu zuen erretiroa, baina zereginik ez zaio falta. 38 urtetan ia mila ikasleri eskolak eman ondoren, aurreko ikasturte amaieran itxi zituen ateak Artelanek, Arangoren arte zentroak. Bere lanak erakusgai egon dira Portaleburun, otsailean.

Asturiasko (Espainia) Villar de Castanedon jaio zen Txelo Arango 1956an, "Madariagaren antzeko" herrixka batean, bere hitzetan. "Mapan ere ez da agertzen eta gaur egun hutsik dago, ez da inor bizi han. Egundoko pena ematen dit", dio bizi erdia baino gehiago Azkoitian daraman emakumeak. 38 urtez marrazki, margo, zeramika zein eskulan eskolak eman ondoren, iaz bukatu zuen Artelan akademiaren ibilbidea. Hain zuzen ere, Artelanen egoitza izan zen lokalean hartu du Arangok Maxixatzen, Floreagan. Eskolak ematen zituen gelako paretak berak zein alabek egindako lanekin beteta daude, eta tartean ikus daitezke saritutako zenbait lan. Are beteago dago, altxor txiki-handiz gainezka, atzeko gela, Arangoren beste lantokia, ikasleekin ari ez zenean erabiltzen zuena. "Traste guzti hauek botatzeko dauzkat", dio, baina pausoa ematea "kostatu" egiten zaiola aitortu du.

Noiz harrapatu zintuen arteak?

1975ean Madrilera joan nintzen, lan bila, eta han izan nuen artearen munduarekin lehen harremana. Mekanografia ikasia nuen eta bulegari lanposturen bat lortzea zen nire ilusioa. Madariagaren antzeko herrixka hartako neska gaztea Madrilen, bakarrik, egunkariko lan eskaintzak eskuetan, lan bila. Gutun komertzialak idazten aritzen zen enpresa batean lortu nuen lehen lanpostua. Pentsa, gutun komertzialak! Gaur egun pentsaezina da halako negozio bat, baina garai hartan jende gehienak ez zeukan idazmakinarik etxean. Soldata txikia nuen, eta beste lanpostu bat bilatzen hasi nintzen. Horrela, artisau altzariak egiten zituen enpresa batean hasi nintzen lanean. Bulegoak garbitzen aritu nintzen aurrena, eta gerora, tailerrean hasi nintzen lanean. Larrua bozeltzea eta altzarietan jartzeko bozelketa horiek margotzea zen nire lana; bozelketak egiteko marrazkiak kopiatu egiten genituen, eredu jakin batzuk genituen. Konturatu nintzen, marrazten ikasiz gero, neure diseinuak sortzeko aukera izan nezakeela. Horrela, Unescoren Lagunen Klubera joan nintzen. Juan Aragones margolari eta eskultore ezagunak eskolak ematen zituen han, eta klaseak hartzen hasi nintzen. Erakusketak egiten genituen, eta han ikasi nuen margotzera kalera irteten, arrastorik izan gabe.

Aragonesekin. (Utzitakoa)

Ordura arte ez zenuen artearekin bestelako hartu-emanik eduki?

Asturiasen bizi nintzenean ez nuen arterako joerarik izan. Eskolan marrazten nuen, ohikoa, baina besterik gabe, eta marrazteko aparteko eskurik ere ez nuen. Garai hartan, irakurtzea zen nire zaletasun nagusia, eta esan bezala, bulego batean lan egitea zen nire asmoa. Eta, nola diren gauzak, lortu nuen bulego batean lan egitea, eta ikusi nuen pinturarekin-eta alderatuta oso aspergarria zela.

Noiz iritsi zinen Azkoitira?

"Ikusi nuen bulegoko lana oso aspergarria zela pinturarekin alderatuta"

1980an. Azkoitiar batekin ezkondu nintzen eta hona etorri ginen bizitzera. Azkoitira iritsi, eta Azpeitiko Arte eta Diseinu Ikastegian arte aplikatuak ikasteko izena eman nuen. Aparejadore ikasketen antzekoak zirela esango nuke, baina dekorazioko espezialitatea zen gehienbat lantzen zena; bost urteko ikasketak ziren, eta Zaragozako [Espainia] Arteen eta Ofizioen Eskolara joan behar izaten ginen ikasketa amaierako azterketa egitera. Ikasketak bukatu orduko, eskolan bertan irakasle hastea eskaini zidaten, marrazki eskolak emateko. Eskaintza onartu, eta bost urte egin nituen irakasle lanetan Arte eta Diseinu Ikastegian.

Azkoitian, Artelan zentroan egindako lanagatik zara ezaguna. Nola jaio zen Artelan?

Artean Azpeitian lanean ari nintzela, Floreaga auzoko gazte batzuk etorri zitzaizkidan, nik beraiei klaseak ematea gustatuko litzaiekeela esanez; eta hori izan zen Artelanen abiapuntua, 1985a zen. Artelan izena hasierako ikasleek eta neuk elkarlanean aukeratu genuen. Garai hartan Floreagako bigarren dorrean bizi nintzen; garaje bat neukan, eta hantxe hasi nintzen eskolak ematen, bospasei gazte goian eta beste bospasei behean zirela. Hamar urte egin nituen garaje hartan lanean. Txiki gelditu zitzaigun garajea, hasieran komunik ere ez geneukan.

Auzoko gazte haien atzetik gehiago etorri ziren. Ahoz ahokoari esker?

Bai, erabat. Ikasle taldea handitzen joan zen, eta Azpeitiko lana utzi nuen, Azkoitiko ikasleekin buru-belarri aritzeko. Bi alaba nituen, eta lantokia etxetik bertan edukitzea familiarengandik gertuago egoteko modu bat ere bazen. Eta ia oraintxe arte.

38 urteko lanbidea eta lantokia izateaz gain, zer izan da Artelan zuretzat?

Artelan dena izan da niretzat, nire bizitzaren zati oso garrantzitsua izan da. Buru-belarri aritu naiz lanean urte hauetan guztietan, eskolak ematen, eta irakatsi ahal izateko ikasten ere bai, birziklatzeko eta egokitzeko ikastaro ugari eginez. Zeramika lanak egosteko labea ere erosi nuen. Lan eta denbora asko eskaini dizkiot Artelani, lan asko eskatzen zuen jarduera zen eta.

Marrazketa eta pintura teknika desberdinak, zeramika, buztina, eskulanak... Ikasketa ugari eskaini izan dituzu Artelanen.

 

Denetarik egiten genuen. Hasierako urteetan, laberik ez nuenez, asko erabiltzen genuen plastilina, lan pila bat egiten genuen horrekin. Moldeak ere asko erabiltzen genituen, valentziarren teknika erabilita egiten genituen moldeak: eskaiolazko moldeetan papera eta kola sartuta ateratzen genituen figurak, eta egundoko lana eskatzen zuen teknika zen; figurak moldeetatik atera ondoren, egun batzuetan lehortzen utzi behar izaten ziren, eta gero lixatu eta margotu egin behar izaten ziren... sekulako lantegia. Labearekin, nahikoa zen figurak buztinarekin egitea eta ondoren horiek labean egostea. Baina labea erosi aurretik, moldeak neuk egin behar izaten nituen; 60 bat molde neuzkan eta urtero egiten nituen berriak, ikasturtean sortzen ziren ideia berrietara moldatzeko.

Itsasertzean topatzen nituen harriak ekartzen nituen, eta ikasleek horiek margotzen zituzten, beraiei otutako marrazkiekin, diseinuekin edota koloreekin. Oso dibertigarria zen harriekin lan egitea, ikasleek imajinazioa dantzan jartzen zuten harriekin formak asmatzeko. Kartelak ere egiten genituen. Adibidez, irakurzaletasuna bultzatzeko kartelak egin genituen; ikasle bakoitzak berea diseinatu eta egin behar zuen. Kartel horiek ez genituen egiten kalean jartzeko, geuretzat baizik, eta zentroan bertan ipintzen genituen, ikasleen lanak erakusteko neuzkan bi kortxo handietan zintzilikatuta. Bost ikasle talde nituen, eta kortxo horietan jartzen nituen bakoitzaren lanak; ikasleentzat pizgarri bat zen beste taldeetakoek ere beren lanak ikusi ahal izatea. Beti saiatu izan naiz ikasleak material eta teknika desberdinekin lanean jartzen, aberasgarria dela deritzot. Talde handiak osatzea ekonomikoki mesedegarriagoa izan arren, talde txikiekin lan egitea gustatu izan zait beti, interesgarriagoa iruditzen zitzaidan.

Azpeitiko Antzerki Topaketen kartel lehiaketa irabazi zuen lanarekin, 1989an. (Utzitakoa)

Adin guztietako ikasleak igaro dira Artelanetik, ezta?

"Beti izan ditut ikasleak, inoiz ez zait eskolak hartzeko jenderik falta izan"

Bai, umeak eta gaztetxoak ez ezik, helduak ere ibiltzen ziren nirekin. Eta taldeetan adin desberdinetako jendea ere elkartzen zen, zaila baitzen Azkoitian adin bereko nahikoa jende elkartzea. Horregatik esaten dut ahalegin ikaragarria izan dela niretzat zentroko lana; askotariko jendearekin lan egin behar, eta gainera, bertako hizkuntza menderatzen ez. Nire filosofia zen bakoitza erosoen sentitzen zen hizkuntzan aritzea, eta horrela esaten nien ikasleei: "Zuek hitz egidazue euskaraz, eta nik erantzungo dizuet ahal badut euskaraz, eta bestela, erdaraz. Baina zuek egidazue beti euskaraz".

Noiz hasi zineten ikasturte amaierako erakusketak egiten?

Hasieratik, beti egin izan ditugu erakusketak. Hasierako urteetan, hori bai, bi urtean behin egiten genituen. Erakusketak antolatzeak ere lan handia eskatzen du.

Zenbatu al dituzu 38 urteetan Artelanetik igaro diren ikasle guztiak?

919 ikasle izan ditut Azkoitian 38 urte horietan. Aldiz, ez daukat Azpeitian Arte eta Diseinu Ikastegian lan egin nuen bost urteetako daturik. Artelanen izan ditudan ikasle gehienak Azkoitikoak izan dira, baina Azpeitiko eta Zestoako jendea ere ibili izan da, eta ikasle asko urte luzez ibili dira nirekin. Beti izan ditut ikasleak, inoiz ez zait eskolak hartzeko jenderik falta izan, ezta COVIDaren urte zailetan ere. Ikasturte guztietako izen emateak gordeta nituen, eta elkarrizketa honetarako egin ditut batuketak, azkenean. Izan ere, ez dut tarte bat hartzeko betarik izan. 38 urtetan baja bat bera ere ez nuen hartu, eta orain ari zaizkit gaitz guztiak azaleratzen: lunbagoa, fasziitisa... Hilabete gutxiko biloba ere badaukat, Urretxun, eta harekin ere egoten naiz.

2022-2023 ikasturtearekin batera bukatu zen Artelanen ibilbidea, zure irakasle ibilbidearekin batera. Nolakoa izan zen agurra?

 

Bi urte eman nituen lana uzteko asmoa ontzen. Behin baino gehiagotan esan dudan bezala, lan eskerga eskatu izan dit Artelanek, eta denbora asko eskaini izan diot zentroko lanari. Urteak bete ahala, gero eta zama pisutsuagoa ari zen bihurtzen niretzat. Ikasleekin oso ondo pasatzen nuen, baina gero eta ahalegin handiagoa eskatzen zidan eskolak prestatzeak. Iruditzen zait nolabaiteko mailara iritsi izan dela Artelaneko nire lana, oso-oso ondo margotzen duen jendea izan dut ikasle, oso maila onekoa, eta ikusten nuen maila horri eusteko zailtasunak nituela. Bi urteko hausnarketa aldiaren ondoren, iaz erabaki nuen ezin nuela jarraitu. Pena handiarekin hartu nuen erabakia, eta oraindik ere... Hala ere, hartutako erabakiarekin pozik nago. Erabakiak hartu egin behar dira, eta konbentzituta hartu behar dira; eta noiz gelditu jakitea ere garrantzitsua da.

Ikasleek nola hartu zuten agurra? Zer esan zizuten zurekin urteak zeramatzaten ikasleek?

Haiek ere penaz hartu zuten berria; jarraitzea gustatuko litzaieke, hala esan zidaten, baina ulertu zuten erabakia. Aski maila ona zutela esan nien nik, ni gabe eta beren kabuz aurrera jarraitzeko adinako maila zutela. Badakit ikasle ohi batzuk beste eskola batzuetara joaten hasi direla, eta beste batzuek beren kasa jarraitu dutela ere bai. Dena den, harreman estua egin dugu urteotan, eta badut egune batean ikasle ohiekin batera kalera margotzera irteteko asmoa.

Parrokiako figura bat konpontzen. (Utzitakoa)

Zer ikasi duzu ikasleengandik?

Asko ikasi dut ikasleekin, batik bat txikienekin, haurtzaroa gogora ekartzeko modu bat eskaini baitidate. Pazientzia lantzen ere ikasi dut haiekin, eta ikasketa asko epe luzerakoak izaten direla jabetu naiz.

38 urte horietan ikasitako zerekin gelditzen zara?

Etengabeko hobekuntzaren garrantziarekin gelditzen naiz, horixe da ikasleak urtetik urtera motibatzea lortzeko modurik eraginkorrena. Maila eta era guztietako ikasleekin lan egiteak hazten laguntzen dizu, pertsonalki zein profesionalki.

Artelan ez dago jada, baina zuk ez diozu utzi margotzeari. Gehiago margotu al duzu azken hilabete hauetan lanean ari zinenean baino?

Bai, denbora gehiago izan dut eta. Uste eta espero nuena baino gutxiago margotu ahal izan dut, hala ere, osasunak ez didalako asko lagundu aspaldian. Dena den, esango nuke Artelaneko azken dozena bat urtean ere hasieran baino gehiago margotzen nuela, alabak hazi ondoren.

Otsailaren 9tik 18ra zure lanak ikusteko aukera izan da Portaleburun. Zer eskaini duzu erakusketa horretan?

"Artelan dena izan da niretzat, nire bizitzaren zati oso garrantzitsua"

Ikusleek Azkoitiko eta inguruko txokoak ikusi dituzte nire koadroetan. Kanpoan margotzea gustatzen zait, aire zabalean, eta lan gehienak hala sortutakoak dira. Pintura figuratiboa da gehien jorratzen dudana, baina nire koadroak paisaien eta inguruaren interpretazioak izan ohi dira. Niretzat esanguratsuak diren beste toki batzuetan sortutako irudiak ere erakutsi ditut, Asturiasko, Valentziako, Alacanteko eta Australiako txokoak; alaba bizi dut Australian.

Portaleburukoa nire lanak erakusteko modu bat izan da, baina batik bat Azkoitiko jendeari egindako omenaldi gisa ulertzen dut nik erakusketa; eskerrak eman nahi dizkiot denbora eta esperientziak nirekin partekatu dituen jendeari, hainbeste urtez nire lanean konfiantza izan duen jendeari.

Atondorako altzari baten diseinu honekin lehen saria irabazi zuen Arangok 1985ean Azpeitian egindako lehiaketa batean.

Margolari gisa, nola definituko zenuke zeure burua?

Nahiago dut neure buruaren definiziorik ez ematea, ez zait gustatzen estilo edo joera batean sailkatzea. Lanaren poderioz eta urteak bete ahala aldatzen joaten gara eta gauza ezberdinek erakartzen gaituzte.

Arte lanetan murgilduta ez zabiltzanean, zer gustatzen zaizu? Zer zaletasun dituzu?

Nire zaletasun nagusiak naturarekin lotuta daude. Lorezaintza eta baratzeko lana gustatzen zaizkit, eta aire zabalean kirola egitea ere bai; mendi ibiliak egitea, esaterako. Horiez gain, urteak daramatzat yoga egiten eta igeriketan.

Arango, Intsausti jauregiaren margoaren aurrean. (Utzitakoa)

Euskara ikastea da lana utzi ondoren zeure buruari jarri diozun erronketako bat. Zergatik orain?

Lehen esan dudan bezala, osasunari merezi duen arreta eskainita, denbora gehiago izatea espero dudalako. Lehenago egin izana gustatuko litzaidake, baina lanak ordu asko kendu izan dizkit, beste ardurak ahaztu gabe. Ikasleekin, bereziki umeekin, asko ikasi dut, batik bat ulermena asko hobetu dut urteekin. Neure buruari zor diot euskara ikastea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide