Isildutakoen memoria, izen-abizenekin azalera

Mailo Oiarzabal 2024ko urt. 27a, 11:33

Azkoitiaoroimena.eus webgunea aurkeztu zuten atzo Azkoitiko Udalak eta Aranzadik, ekitaldi jendetsuan. Azkoitian 1936ko gerran eta gerraostean giza eskubideen urraketak pairatu zituztenen memoria berreskuratzeko bi urteko lanaren emaitza da webgunea.

1936 eta 1959 urteen artean Azkoitian giza eskubideen urraketak eta errepresioa pairatu zituztenen memoria "izen-abizenekin" jaso eta Interneten jarri dute. Aranzadi zientzia elkarteak Azkoitiko Udalaren eskariz bi urtez egindako lanaren emaitza da azkoitiaoroimena.eus eta atzo aurkeztu zuten jendaurrean.

1936ko gerran eta frankismoaren lehen hamarkadetan garaituak, zapalduak eta isilduak izen zirenak ahanzturatik berreskuratzeko eta haiei aitortza egiteko bide bihurtu dira Azkoitikoa bezalako memoria historikoa berreskuratzeko lanketak. Haien ondorengoek memoria gosea dutela erakutsi zuten Elkarguneko Herriko Plaza aretoari betekada ederra eman zioten herritarrek. Udalaren aurreikuspenak gainditu zituen jendearen erantzunak, eta hasieran prestatutako aulki ilarak zabalera handitu behar izan zituzten, eserleku gehiago jarriz. Hasieratik prestatuta zituzten aulkietako bakoitzean, larrosa bat eta txartel bat zain zituzten herritarrek; txartelean, Zuen oroimena beti gurekin irakur zitekeen. Gonbidatuen artean zeuden Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendaria, eta Jon Gambra Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren saileko zuzendaria.

Orri zuririk ez datozenei

Ana Azkoitia alkatea izan zen hitza hartzen lehena atzoko ekitaldian. Estepan Urkiaga Lauaxeta-k 1937an, fusilatu bezperetan, idatzi zuen Agur, Euzkadi olerkiaren hitzak aipatuta, memoria historikoa berreskuratzeak "tripak mugitzen" dituela esan zuen Azkoitiak, baina ariketa hori egitearen beharra eta garrantzia azpimarratu zituen: "Oraindik baditugu testigantza zuzenak. Memoria historikoa berreskuratu ezean, gure ondorengoei orri zuria utziko diegu. Ez dugu orri zuririk utzi nahi. Azkoitiarrek jasandako giza eskubideen urraketak ezagutu nahi ditugu. Egia, justizia eta erreparazioa nahi ditugu".

Biktimei "duintasuna" emateaz hitz egin zuen alkateak, memoria "batasunerako" erabiltzeaz, "gorrotorako ez", eta "bakearen aldeko aldarria" egin zuen: "Herri bat gara. Batutako herri bat. Zauriak orbaindu arren, memoria duen herri bat".

703 herritar, momentuz

Azkoitian memoria historikoa berreskuratzeko saiakerak aurretik ere izan direla aipatu zuen aurkezle lanetan aritu zen Sonia Vazquezek, Jabi Buces Aranzadiko historialariari hitza eman aurretik. Simon Aranbarrik eta Josu Arroitajauregik –Anaiarteko borroka Azkoitian–, Anastasio Albisuk –Azkoitiko abertzaleak goian begoz–, Raimundo Alberdik –Errotik harro: Azkoitiko abertzaletasuna, bizipenak eta historia– eta Iñaki Isasmendik –Nire denboraldiko ibilerak– idatzitako liburuak ekarri zituen gogora Vazquezek.

Bucesek aurkeztu zuen Azkoitiko memoriaren webgune berria. Aranzadik azken hamabost urteetan Azkoitian egin duen lan bera "askotan" egin duela, eta horrelako ikerketak "metodo zientifikoa" jarraituta egiten dituztela nabarmendu ondoren, azkoitiaoroimena.eus webgunean zer jaso duten eta jasotakoa nola antolatu duten azaldu zuen Bucesek. 1936-1959 epealdian Azkoitian giza eskubideen urraketak pairatutako 703 herritar eta 1.065 errepresio mota identifikatuta eta webgunean jasota zituen Aranzadik atzo arte; gaur, 704 da webgunearen azalean ageri den kopurua. Izan ere, Bucesek eta atzo hitza hartu zuten gainerakoek esan bezala, "hau ez da bukatu". Webgunea herritarrak Aranzadirekin harremanetan jartzeko tresna ere badela adierazi zuen Bucesek: izenak falta badira, norbaitek zuzendu beharreko akatsen bat ikusten badu edota ekarpenen bat egin nahi izanez gero, webguneko Harremana atalaren bidez jakinarazteko eskatu zuten atzo Aranzadikoek.

Webgunean izen-abizenekin ageri den herritar bakoitzak bere fitxa dauka; datu pertsonalekin batera, jasandako urraketa edo urraketak, eta horiek frogatzen dituzten elementuak jaso dituzte fitxa bakoitzean. Ehunka errepresaliaturen zerrendako 31 herritarren kasuan, biografia osatuagoak lortu eta jaso dituzte ikerlariek, eta ikerketa osatzen lagundu dieten herritarren testigantzak baliatu dituzte askotan biografia horiek osatzeko.

Bere hitzaldia bukatu aurretik, Azkoitian ere giza eskubideen urraketak jasandako herritarren memoria berreskuratzen jarraitzeko gonbita luzatu zien Bucesek herritarrei eta udalari, "frankismoa ez zelako 1959an bukatu".

"Ez zuten hitz egiten"

Memoria historikoa berreskuratzeko proiekturako testigantza eman dutenetako bi dira Tegi Urzelai (errepresaliatuen zerrendan dagoen Justino Urzelairen alaba) eta Mari Karmen Zubizaurre (Agueda Olaizolaren alaba); biak, Mari Karmenen anaia Jesus Zubiaurrerekin batera, Elkarguneko oholtzara igo ziren atzo, ekitaldiko tarterik hunkigarrienean.

Azkoitiko ikerketan parte hartu duen Aranzadiko Ione Zuloaga azkoitiarrak egindako galderei erantzunez, beren guraso eta osabek gerran eta gerra ondorenean bizitakoak ekarri zituzten gogora Urzelaik eta Zubiaurre anaia-arrebek; une eta pasarte latzak, baina bai umorez eta goxo kontatuak ere. Bizipen lazgarrien kontaketekin entzuleen eztarriak estutu zituzten, baina baita barreak eragin ere, abentura gisara kontatutako beste pasarte batzuekin; zubiaurretarren Joxe Mari Olaizola Troxki osabaren ibilerek liburu mardula idazteko ematen dutela argi gelditu zen, adibidez.

Urzelaik eta zubiaurretarrek gertaera latz haien inguruko isiltasuna nabarmendu zuten; ez bakarrik diktadurak indarrez ezarritakoa, baita etxeetakoa ere. "Gure etxekoek, behintzat, ez zuten asko esplikatzen", zioen Jesus Zubiaurrek, "beraiek sufrituko zuten, baina azaldu, oso gutxi azaltzen zuten". Gurasoek bizitako kalbarioen berri gerora eta "haien lagunen edo senideen bidez" jakin izan dute.

Horrexegatik, atzo Elkargunean hitz egin zuten errepresaliatuen senideen ordezkarientzat, "oso garrantzitsuak" dira oroimena berreskuratzeko ariketak eta lanak. "Denok jakin behar dugu nondik gatozen", zioen atzo Tegi Urzelaik, oraina ulertzeko iragana jakin behar dela, eta historia eta oroimena belaunaldiz belaunaldi transmititzeko garrantzia azpimarratzeko.

Aurretik Bizkargi musika eskolako ikasleek ekitaldia piano eta biolin doinuz jantzi ondoren, Aitor Sorazuk errepresaliatu guztien eta haien ondorengoen omenez aurreskua dantzatu zuen bukaeran, eta parte hartzaile guztiek Agur Jaunak kantatuz bukatu zuten ekitaldia, aretoan bertan prest zuten mokadutxoari ekin aurretik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide