Fakturak ulertzeko eta energia aurrezteko aholkuak jasotzeko tailerra antolatu du udalak

Iraia Oteiza 2024ko urt. 18a, 11:38

Saioan parte hartu nahi dutenei beraien etxeko faktura eramateko eskatu die udalak, fakturak hobeto ulertzen laguntzeko. Tailerra asteartean izango da Elkarguneko Intsausti aretoan, 18:00etan.

Faktura energetikoen tailerra antolatu du Azkoitiko Udaleko Ingurumen sailak datorren astearterako. Sarritan gasaren eta elektrizitatearen fakturak ulertzea konplexua izaten dela eta, fakturak ulertzen laguntzea du helburu saioak, fakturak modu egokian kudeatu ahal izateko. Hori dela eta, saioan parte hartu nahi dutenei etxeko faktura energetikoa emateko eskatu die udalak. Halaber, merkatu erregulatua eta librea aztertuko dituzte, eta energia aurrezteko gomendioak emango dituzte tailerrean. 

Saioa datorren asteartean, urtarrilaren 23an, izango da Elkarguneko Intsausti aretoan, 18:00etan hasita. Tailerra EnHerkom-Hernaniko Energia Berriztagarrien Komunitateak zuzenduko du.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide