Herriko merkatariei eskertza egin die udalak

Iraia Oteiza 2023ko abe. 23a, 15:29

Gabonetako erakusleiho lehiaketan parte hartu duten merkatariak bertaratu dira udaletxera eta oroigarri bana jaso dute. Horretaz gain, Herrixen elkarteak zozketatu dituen Gabon otarrak banatu dituzte.

Azkoitiko Udalak eskertza egin dio herriko merkataritza txikiari, eguerdian udaletxean egindako ekitaldian. Herrixen elkartearekin batera, udalak aitortza egin die Gabonetako erakusleiho erakusketan parte hartu duten establezimenduei. Ana Azkoitia alkateak herriko merkataritza goraipatu du ekitaldian: "Badakigu bizi dugun hau ez dela urrezko aroa denda txikientzat, gauzak zailduegin zaizkizuela. Guk, ordea, herriak eta herritarrok, behar zaituztegu. Saltokiak baino gehiago zarete. Topalekuak ere badira zuenak, solasaldirako guneak. Kontsolatzeko, eta konfesatzeko, beharbada. Eguraldiaz eta eguneroko komeriez hitz egiteko. Hartu-eman digitalek izango dituzte abantailak, baina aurrez aurreko konpainiak ez du konparaziorik. Zuek hori eta gehiago ematen duzue. Erakusleihoak oparitu dizkiguzue, eta guk, gaur irribarre bat atera nahi dizuegu”.

Hamabost saltokik hartu dute parte erakusketan, eta egindako ahaleginagatik, oroigarri bat jaso dute udaletxean. ETK Informatika, Ainhoa ile apaindegia, Noah moda denda, Beatriz Pozo Dekorazioa, Maina mertzeria, Arrospide oinetakoak, Agnes ile apaindegia, Aingeru loradenda, Zero ile apaindegia, Aizterri Home, Naiena moda denda, Ostadar optika, Amalur bideokluba, Lukas lurrindenda eta Pres tindategia izan dira erakusleiho lehiaketan parte hartu duten saltokiak.

Halaber, merkatariei eskainitako ekitaldia aprobetxatu du Herrixen elkarteak zozkatu dituen Gabon otarrak banatzeko. Ekitaldira bertaratu diren merkatariek eta otarren irabazleek Erniarraitz Bertsozaleko Elkarteko Julene Iturberen bertsoez gozatzeko parada izan dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide