Herriko ikasleek Gabonetako argien inguruan egiten ari diren ikerketaren berri eman diote alkateari

Maialen Etxaniz 2023ko abe. 14a, 17:06

Ikasleek gaur udaletxean azaldu dutenez, bi galdetegi prestatu dituzte, herritarrentzat bata, eta bestea, merkatarientzat. Inkesta horien emaitzak jasotzen dituztenean, emaitzak plazaratzeko asmoa dutela jakinarazi dute. Alkateari ere egin dizkiote galderak, besteak beste, Gabonetako argiteriaren kostuaz eta kontsumoaz nahiz ordutegiaz.

Xabier Munibe Ikastolako, Floreaga Ikastetxeko eta Bizilore Eskola Aktiboko ikasleen ordezkariak Azkoitiko udaletxean izan dira gaur, Gabonetako argien inguruan egiten ari diren ikerketaren berri emateko Ana Azkoitia alkateari; izan ere, Eskolako Agenda 2030 egitasmoaren barruan, Azkotiko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako ikasleak Gabonetako argien inguruko ikerketa egiten ari dira. 

Iaz, "garapen jasangarrirako helburuetako zazpigarrena" lantzen hasi ziren, energia irisgarria eta ez kutsagarriaren helburua, eta prozesu horren barruan, Gabonetako argiteriaren azterketa egitea erabaki zuten. Ikasleek gaur udaletxean azaldu dutenez, bi galdetegi prestatu dituzte, herritarrentzat bata, eta bestea, merkatarientzat. Inkesta horien emaitzak jasotzen dituztenean, emaitzak plazaratzeko asmoa dutela jakinarazi dute. Alkateari ere egin dizkiote galderak, besteak beste, Gabonetako argiteriaren kostuaz eta kontsumoaz nahiz ordutegiaz.

Alkateak erantzun die, "eztabaida" sortzen duen gaia dela: "Batzuentzat argi gutxiegi jartzen da, eta besteentzat gehiegi. Oreka bilatzen saiatzen gara. Alde batetik eta bestetik jasotzen ditugu kexak". Era berean, alkateak lanketagatik zoriondu ditu ikasleak. "Oso ondo etorriko zaigu zuen azterlana, irizpideak finkatzeko", esan die Azkoitiak ikasleei.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide