Azkoitiarren doinuak

Maite Lopez Las Herasen euskal kanta gogokoenak

Erredakzioa 2023ko abe. 20a, 09:00

Maite Lopez Las Heras idazlea. (Arnaitz Rubio Aprea)

Bueltan da Azkoitiarren doinuak atala, eta Maite Lopez Las Heras idazlea da 33. protagonista. Maxixatzenek hala eskatuta, idazleak bost euskal kanta hautatu ditu, bakoitza arrazoi jakin batengatik.

  • Izarren hautsa (Mikel Laboa):

"Letra eta ahotsa bikain uztartzen diren abestia dela esango nuke, Xabier Leteren poema zoragarria eta Mikel Laboaren berezko estilo sakona, alegia. Poemaren hainbat bertsio egin diren arren, Laboarenarekin gelditzen naiz, ezin baitut bataren poema irakurri bestearen ahotsa atzetik entzun gabe. Irakurri beharrean, nahitaez, abesten dudan poema da. Letrak gizakiaren historia aldagaitza ezin hobeto azaltzen duela irizten diot".

  • Bat (Sara Zozaya)

"Matadeixen eman zuen kontzertu zoragarrian ezagutu nuen Sara Zozaya, eta hunkigarria iruditu zitzaidan abeslariaren ahotsaren indarra, barruraino sartzen den horietakoa. Kontzertu hartan, gainera, Ro talde azkoitiarrarekin batera jo zuen eta benetan ederra izan zen. Bat abestiari dagokionez, doinuaren samurtasuna eta letraren poetikotasuna nabarmenduko nituzke. Behin eta berriz entzuteko moduko abestia".

  • Zapetagilea (Manez eta kobreak)

"Irratitik ezagutzen dudan abesti honi kariño berezia diot. Ez dakit zergatik, baina entzuten dudan bakoitzean umore oneko jartzen nau. Oso doinu gogoraerraza du. Uste dut kantu itxuraz sinplea eman arren, mezua garrantzitsua dela, eskuz egindako gauzen aldarrikapena eta bertako produktuak eta denda txikietan erostea, hain zuzen ere. Gainera, Azkoitiko abarketak aipatzen ditu. Zer gehiago behar dugu?".

  • Zure mina (Olaia Inziarte)

"Azkenaldian deskubritu dudan abeslari gaztearen kantu hau nabarmenduko nuke, iazko Lehengo lepotikan burua diskoari dagokiona. Gaztea izanagatik, dagoeneko hiru disko kaleratu ditu, azken biak oso tarte gutxian gainera. Etorkizun handiko kantaria izango dela uste dut, bere estilo propioa izanagatik, abestietan aniztasuna arnasten delako".

  • Vinu, cantares y amor (Anari)

"Zaila egiten zait Anariren abesti bakarra aukeratzea, batez ere letra guztiak poemak direlako. Dena den, Nacho Vegasen moldaketa hau zinez ederra iruditzen zait, batez ere bizitzan garrantzizkoak diren gauza eta ekintza sinpleenen aldarria delako. Kantatzea, maitatzea eta dantzatzea iraultza gisa agertzea da gizarteak duen beharrik premiazkoena, baita ardoarekin topa egiteko une gehiago ere".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide