Dozenaka guraso bildu dira 'Gazteak eta mugikorrak: zer egin dezakegu familiok?' hitzaldi-solasaldian

Iraia Oteiza 2023ko ira. 28a, 10:30
'Gazteak eta mugikorrak: zer egin dezakegu familiok?' hitzaldi-solasaldia Elkargunean. (Azkoitiko Guraso Elkarteen Mahaia)

Azkoitiko Guraso Elkarteen Mahaiak Bidelagun sarearekin batera antolatutako saioan, haurren eskuko telefonoen erabilerari lotutako kezka eta irtenbideak partekatu dituzte.

Azkoitiko Guraso Elkarteen Mahaiak, seme-alaben heziketari lotutako kezkak partekatzeko eta irtenbide egokiak aurkitzeko lanean dihardu iazko irailaz geroztik. Bereziki, kezka iturri nagusi bat identifikatu dute: gaztetxoek eskuko telefonoarekin duten erabilera. Egoeraren aurrean gurasoek nola jokatu argiago izan asmoz, zenbait ekintza antolatu dituzte Bidelagun sarearekin batera. Ekintza horietako bat izan zen atzoko hitzaldi-solasaldia, Gazteak eta mugikorrak, zer egin dezakegu familiok? izenekoa. Miren Ros gaian aditua arduratu zen saioaren gidari lanak egiteaz, eta dozenaka guraso bildu ziren Elkarguneko Oteiza aretoan, telefonoei lotutako buruhausteak arintzeko irtenbideak aurkitu asmoz. Guraso Elkarteen Mahaia pozik dago saioak izandako harrera ona dela medio, eta ekintza gehiago antolatu dituzte datozen asteetarako. Hurrengo hitzordua urriaren 11n izatea espero dute, talde eragilearen dinamizazioa izango baita orduan. Azaroaren 8rako, aldiz, gaiari lotutako tailerrak antolatu dituzte. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide