Alferrikako jarduna

Aitziber Arzallus 2023ko uzt. 15a, 08:55
(Argazkia: Pixabay)

Aitziber Arzallus kazetariak ekaineko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: Alferrikako jarduna.

Oraintxe ari ginen mahatsak jaten, eta dagoeneko sartu gara ekainean. Txamarrak armairutik kentzeko astirik gabe, bikinia janzteko garaia iritsi zait aurten ere. Eta aurten ere, nahi baino okerrago harrapatu nau. Ez da nobedadea, eta seguruenik hobe nuke ohitzen joango banintz, baina izorratu egiten nau, urtero.

Beti izan dut urteak azkar doazen irudipena. Lehen ere bai, eta urteak pasatu ahala, eta urteak bete ahala, are eta gehiago. 35 bete nituenera arte, adina ez nuen zamatzat. Seguru asko izango zen, gazteagoak ez ezik, zaharragoak ere ikusten nituelako kalean. 35 urte betetzeak, ordea, inpresioa eragin zidan. Lehendabiziko aldiz, 40ra bidean ikusi nuen neure burua. Hiru urte eta bederatzi hilabete igaro dira ordutik, eta neure kalterako, inpresio bera izaten jarraitzen dut, eta denbora gutxiago. Urtebete eta hiru hilabete gelditzen zaizkit 40ra ailegatzeko, eta abiadura honetan, bihar izango da hori.

Lehengo batean, psikologoaren kontsultan nintzela atera zen gaia. Egingo nuen komentarioren bat, deigarria irudituko zitzaion, eta galdezka hasi zitzaidan. Galdetu zidan beldurra ematen al didan urteak betetzeak. Ezetz erantzun nion, beldurra ez betetzeak ematen didala, baina 40 handi hori parez pare ikusteak ere ez didala batere graziarik egiten, kontrakoa esatea gezurra esatea litzatekeela. Jakin badakit egiatan ez dela ezer aldatuko, 40 urte bete bezperako bera izango naizela 40 urte bete eta hurrengo egunean ere, baina zer egingo diogu ba, buruaren lanak, askotan, oraingo honetan bezala, alfer-alferrikakoak.

Bitartean, gazteagoei entzun beharko diet adina zenbaki bat besterik ez dela; eta zaharragoei, oraindik nire urterik onenak iristeko daudela. Duela hamar-hamabost urte nik ere hala esango nien zahartzen ari zirela zioten lagun zaharragoei, eta hamar-hamabost bat barru hala esango diet zahartzen ari direla esaten duten lagun gazteagoei. Eta kontuari bueltaka ari naizela, konturatu naiz hortxe egon litekeela koska, neure adinekoekin edo zaharragoekin ibiliko banintz, agian ez lidakeela horrenbesteko inpresiorik eragingo beste hamarkada bat estreinatzeak. Baina horretarako ere ez nago ba prest.

Hortaz, zer egin dezaket 40 urte betetzeak eragiten didan atzerakadari aurre egiteko? Gauza gutxi, edo gauza asko. Hasteko, betebeharrek lagatzen didaten heinean, ordura arteko hamabost hilabeteei ahalik eta zukurik gehien ateratzea ez legoke gaizki; eta jarraitzeko, ordutik aurrerakoei ere gauza bera egitea onena. Bizitzak bi egun irauten duela dioten arren, batzuetan egun eta erdian bukatzen baita, eta zenbat denbora galtzen dugun txorakeriei bueltaka...

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide