Azkoitiko anbulatorioan langileen erdiak baino gehiagok egin du bat grebarekin

Andoni Elduaien 2023ko mai. 18a, 15:00
Azkoitiko anbulatorioa, gaur. (Andoni Elduaien)

Azkoitiko anbulatorioan erantzun zabala izan du deialdiak. ELA, LAB, SATSE, CCOO, UGT eta SME sindikatuek egindako deialdiekin bat eginda, langileen erdiak baino gehiagok (%54,8) jo du grebara.

Protesta eguna dute gaur Osakidetzako langileek; izan ere, grebara deituta daude 37.000 behargin. ELA, LAB, SATSE, CCOO, UGT eta SME sindikatuek egin dute deia, eta hedabide honek bildutako datuen arabera, Azkoitiko anbulatorioan erantzun zabala izan du deialdiak, langileen erdiak baino gehiagok (%54,8) grebara jo baitu. 

Osakidetzaren "desegitea" salatzeko eta langileentzako baldintza "duinak" eskatzeko ari dira egiten protesta. Sindikatuek nabarmendu dute deialdiak "erantzun ona" izan duela, oro har. "Oihartzuna oso handia izan da, batez ere lehen mailako arretan; horrek erakusten du zer-nolako larritasuna daukaten arreta maila horretako langileek", adierazi dute.

Lantaldea "nazkatuta eta nekatuta" dagoela azpimarratu dute sindikatuek. "Ikusten ari dira beren eskubideak urratzen ari direla". Era berean, Osasun Sailak "abusuzko gutxieneko zerbitzuak" ezarri dituela eta, kexu agertu dira sindikatuak. "Osakidetzaren arazoak egiturazkoak eta pandemiaren aurrekoak dira, eta beste behin ere agerian geratu da Gotzone Sagardui sailburuaren negoziatzeko borondate eza". Gaur bezala, bihar ere greba egitera deituta daude Osakidetzako langileak. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide