Txupinazoarekin eta mus txapelketarekin hasi dira Floreagako festak

Maialen Etxaniz 2023ko api. 29a, 10:24

Atzo arratsaldean hasi ziren Floreaga auzoko festak. Txupinazoa botata, mus txapelketa egin zuten gauean auzoko tabernan, eta giro ederra sortu zen. Iñaki eta Manex Senperenak jantzi zuten txapela. Gaur jarraituko du jaiak Floreagan.

Floreagako bizilagunak murgildu dira auzoko festetan. Atzo arratsaldean, ostiralez, bota zuten txupinazoa, eta gauean mus txapelketa egin zuten Floreagako tabernan. Jende ugarik parte hartu zuen sariketan, eta Iñaki eta Manex Senperenak jantzi zuten txapela. Txapela ez ezik, irabazleek 300 euro jaso zituzten. Iñigo eta Antxeta bikotea sailkatu zen bigarren, eta haiek trofeoak eta 150 euro eskuratu zituzten. 

Gaur goizean jarraituko dute festarekin; izan ere, auzoko bereizgarri den bolo txapelketak jokatuko dituzte, umeentzat zein helduentzat 11:30ean eta 12:30ean. Arratsaldean, berriz, eskoba txapelketa egingo dute tabernan. Bikote bakoitzak 20 euroan izango du izen-ematea, eta irabazleek trofeoa eta bildutako diruaren %40a jasoko du; bigarrenak, trofeoa eta bildutakoaren %30a; hirugarrenak, bi xanpain botila eta bildutakoaren %20a; eta laugarrenak bi xanpain botila eta bildutakoaren %10a. Gauean, berriz, afariak, erromeriak eta DJ saioak borobilduko du eguna.

Bihar ere egun osoko egitaraua izango da herritarrentzat, eta besteak beste, elizkizuna, patata tortilla lehiaketa, puzgarriak eta Gazte Gaua egingo dituzte. Maiatzarekin batera, berriz, ohitura den moduan Gurutzetxoko krosa jokatuko dute 2018etik 2010era jaiotako umeek zein amek. Eguerdian, urtero bezala, bazkariak egingo dute auzoan, eta puzgarriek zein buruhandiek itxiko dute festen egitaraua.

Hona hemen egitaraua osorik:

Apirilak 29, larunbata:
  • 11:0ean, bolo txapelketa 15 urtetik beherakoentzat.
  • 12:30ean, bolo txapelketa helduentzat.
  • 17:00etan, eskoba txapelketa, Floreagako tabernan.
  • 18:00etan, buruhandiak.
  • 21:00etan, afaria eta erromeria Laja eta Narbaizarekin, Floreagako tabernan. Erreserbak: 629 53 62 10.
  • 23:00etan, Gazte Gaua txosnan. Kanutto DJa.
Apirilak 30, igandea:
  • 09:00etan, meza auzoko hildakoen alde, Floreagako kaperan.
  • 11:00etan, VI. Patata Tortilla lehiaketa.
  • 12:00etan, trikipoteoa Naiara eta Lanberrirekin.
  • 15:00etan, puzgarriak.
  • 18:00etan, buruhandiak.
  • 22:30ean, Gazte Gaua txosnan: DJ Kanutto.
Maiatzak 1, astelehena:
  • 11:00etan, Gurutzetxoko XXXIX. Krosa. Izen-ematea, 09:30-10:45 tabernan.
  • 14:00etan, paella eta oilasko jana, Etxeberritxok eta Ugaitzek animatuta, Floreagako tabernan. Erreserbak: 629 53 62 10. 
  • 15:00etan, puzgarriak eta apar festa.
  • 18:00etan, buruhandiak.
  • 20:00etan, festen amaiera.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide