Haitz Munizio eta Suharri Aranburu: "Musika sortzeko, garrantzitsua da aurrera segitzeko ilusioa"

Andoni Elduaien - Maialen Etxaniz 2023ko api. 25a, 11:00

Haitz Muniziok (Azkoitia, 1993) eta Suharri Aranburuk (Azkoitia, 1998) Aibofobia musika proiektua jarri berri dute abian. Holz Und Blech musika jaialdian egingo dute debuta.

Aibofobia proiektuan murgilduta zaudete. Noiz hasi zineten egitasmoa lantzen?

Suharri Aranburu: Urte hasieran elkartu ginen serio.

Haitz Munizio: Lehenago ere aritu ginen elkarrekin zerbait egin nahian, baina oso iritzira, ezer berezirik egin gabe.

S. A.: Hasieran ez genuen musika sortzeko aparaturik. Aparatuak erosteko dirua gastatzen hasi ginen, pixkanaka aurrera egiten. Urrun ikusten genuen proiektua, baina eman diogu forma, azkenean.

H. M.: Hasieran, guztia zarata zen. Hartu diogu trukoa kontuari, ordea; egituratu dugu proiektua, eta sortzen ari gara.

Bakoitzak bere musika ibilbidea egin du orain arte. Nola egin duzue bat?

S. A.: Umetatik ibili izan gara elkarrekin. Haitz DJ aritutakoa da, eta betidanik piztu izan dit interesa haren lanak. Hortik hasi zitzaidan niri ere musika elektro- nikoa gustatzen.

H. M.: Suharri urte askoan ari da musika konposatzen. Musika jartzen hasi beharrean, bere erritmoak sortzen hasi zen hasieran. Gero hasi ginen proiektua batera lantzen.

Lau eskutara aritzen zarete musika jartzen, biok aldi berean. Zer hartu behar izaten duzue kontuan?

H. M.: Ondo moldatzen gara elkarrekin, eta hori sekulako aldea da. Bakoitzak norbere etxean egiten ditu lanak, eta sortutako eta bururatutako ideiak elkarbanatu eta uztartu egiten ditugu.

S. A.: Ondo ulertzen gara elkar; hori da garrantzitsuena.

Nola banatzen dituzue lanak?

S. A.: Haitz gehiago aritzen da zaratak-eta sortzen. Nik, berriz, baterien edo baxuen doinuak sortzen ditut gehienbat.

Musika elektronikoaren barruan kokatzen da zuen proiektua. Zer girotako musika sortzen duzue?

S. A.: Antreroa izan daiteke, baina ñabardura asko ditu.

H. M.: Aldaera ugari daude musika elektronikoaren barruan, eta gutxienez, nik ez nuke esango gure proiektua elektro-antreroa denik. Ez da guztiz teknoa ere, erritmo nahiko azkarrak ditu eta.

Nola eta non egiten edo sortzen duzue musika?

S. A.: Nire etxean aritzen gara. Han sentitzen gara erosoen, bai tokiagatik, bai ekipoagatik.

H. M.: Han eta hemen ibiltzen gara. Batzuetan, nire etxean ere jardun izan dugu gauza txikiak egiten, baina, normalean, Suharriren etxean elkartzen gara.

Zer dela-eta jarri diozue Aibofobia izena zuen lanari?

H. M.: Biok ere nahiko izen arraroak jartzen dizkiogu kantei. Suharrik bota zituen izen batzuk, eta horien artean zegoen aibofobia hitza. Aibofobia hitza palindromoa da, aurretik edo atzetik berdin irakurtzen da. Ikaragarri gustatu zitzaidan.

S. A.: Geu ere aldrebes samarrak izanda, ondo datorkigu izena.

Munizio eta Aranburu musikariak.

Gaur egun zenbat kantu dituzue sortuta?

H. M.: Biok elkarrekin hiru bat kantu sortu ditugu. Dena den, nik sortutako kanta batean Suharriren gitarraren bat sartu dugu edota Suharriren abesti bati grabatutako ahotsak gehitu dizkiogu.

S. A.: Elementuak nahastu eta gehitu dizkiegu abestiei. Hurrengo zuzenekorako geureak diren hamahiru bat abesti prestatu ditugu bion artean.

Holz Und Blech musika jaialdian egingo duzue debuta.

S. A.: Urduri nago ni.

H. M.: Baita neu ere. Barruan zeozer arraroa sumatzen dut.

S. A.: Ni musika taldeekin-eta aritu naiz gitarra jotzen; lau nota jotzen dakit, eta abestu egiten dut. Musika elektronikoaren zuzeneko batean, ordea, edozer gauzak egin diezadake ihes; huts egitea errazagoa da. Presio handiagoa dago.

Aurrerago, non entzun ahalko da zuen proiektua?

S. A.: Dagoeneko lotuta ditugu beste hiru bat zuzeneko. Uda aldean lau bat kantuk osatuko duten proiektua grabatu eta kaleratu nahi dugu. Bestela, egitasmoa bertan behera geldi daiteke.

H. M.: Proiektuari jarraipena eman nahi diogu. Musika sortzen jarraitzeko, garrantzitsua da aurrera segitzeko ilusioa edukitzea eta emanaldiak lotzea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide