Giro bikainean ospatu du Azkoitiko Gazte Asanbladak bigarren urteurrena

Andoni Elduaien 2023ko api. 23a, 10:48

Ostiralean hasi zituzten urteurrena ospatzeko ekintzak Erresistentzia Jaialdiarekin, eta atzo, larunbata, amaitu. "Gazte problematikari erantzuna emateko" sortu zuten duela bi urte gazte asanblada. Egun, Gaztetxea eskuratzeko prozesuan du jarrita arreta asanbladak.

Azkoitiko Gazte Asanbladak (AGA) bere bigarren urteurrena ospatu du asteburuan. Ostiralean, Kontzejupean hasi zituzten ekintzak Erresistentzia Jaialdiarekin. Hain justu, Sentenciados eta Istilu musika taldeek kontzertu bana eskaini zuten udaletxearen azpiko pilotalekuan.

Langile Kontrolpeko Espazioen Defentsa Komunitateak duen erresistentzia kutxa hornitzeko antolatu du gazte asanbladak jaialdia. "Borroka prozesu desberdinetan sortzen diren gastuei aurre egiteko mekanismoa da erresistentzia kutxa, hala nola identifikazioak, isunak, espazio itxierak eta husteak ordaintzeko", azaldu dute.

Atzo, urteurren festa

Bestalde, AGAk triki-poteoarekin hasi zituen atzo bigarren urteurreneko ekitaldiak Goiko Losa pilotalekuan. Bazkaria ere egin zuten dozenaka lagunek frontoian bertan, eta bazkalostean, Gaztetxea eskuratzeko prozesuaz hitz egin zuten. Hain justu, orain arte egindako bideaz eta aurrera begira dituzten asmoez aritu ziren. Musikariek ere izan zuten protagonismoa atzo. Batetik, Albi musika jartzailea aritu zen Goiko Losa girotzen, eta bestetik, Checkboyz Azkoitiko rap taldea.

Argazkiak: Azkoitiko Gazte Asanblada

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide