Jose Luis Larrañaga omendu dute, munduko xake errekorra egin eta 40 urtera

Andoni Elduaien 2023ko api. 22a, 14:11

1982. urteko azaroan egindako munduko xake errekorra dela eta, Anaitasuna Kakute xake taldeak, Gipuzkoako Xake Federazioak eta Azkoitiko Udalak omenaldia egin diote Jose Luis Larrañaga xake jokalari azkoitiarrari. Errekorra egin zueneko ia 32 orduetan bizitakoa azaldu du Larrañagak, eta amaieran, hiru erakundeetako ordezkariek oroigarriak eman dizkiote hari.

Jose Luis Larrañaga xake jokalari azkoitiarra omendu dute gaur, zapatua, Elkarguneko Herriko Plaza aretoan. Anaitasuna Kakute xake taldeak, Gipuzkoako Xake Federazioak eta Azkoitiko Udalak aitortu diote Larrañagari 1982. urteko azaroan egin zuen munduko xake errekorra. 

Udaleko, federazioko eta herriko xake klubeko ordezkariek oroigarriak entregatu dizkiote Larrañagari. Gainera, Gorka Larrañaga artista azkoitiarrak egindako margolan bat ere eman diote azken horiek. Garai hartan Gipuzkoako Xake Federazioko presidentea izan zen Juan Bautista Aranzabek, berriz, bi bertso abestu dizkio Larrañagari.

1982ko azaroaren amaiera hartan, inork baino aurkari gehiagoren aurka jokatu zuen azkoitiarrak aldibereko xake partidetan; hain zuzen, 605 xake jokalarirekin neurtu zituen indarrak hark. Branimir Brebrich kanadarrak zuen ordura arteko errekorra: 575 jokalariren aurka jokatu zuen Brebrichek, eta hain justu, hark egindakoa hobetzea izan zen azkoitiarraren zeregina.

Urte hartako azaroaren 27an, Larrañagak 17:00etan ekin zion munduko errekor saiakerari Azkoitiko udaletxeko areto nagusian, eta azaroaren 29ko 00:42 zirenean amaitu zuen lana, munduari marka berria egin zuela adieraziz. Guztira, 31 orduz eta 42 minutuz aritu zen xakean Anaitasuna Kakute xake taldeko kidea. 535 partida irabazi zituen orduan, 42 berdindu eta 28 galdu; %91,90eko garaipen portzentajea eskuratu zuen azkoitiarrak. 

Anekdotekin, hitzaldia

Errekorra egiteko ideia nola sortu zen azaldu du Larrañagak gero, Gambito de Larra izeneko hitzaldia eskaini baitu eguneko protagonistak. Ordu horietan guztietan bizi izan zuenaren errepaso laburra egin du hark Elkargunean bildu diren xake jokalarien eta herritarren aurrean. Hainbat bitxikeria azaldu ditu, besteak beste, zer jaten zuen, zer pentsatzen zuen eta nekeari nahiz pentsaerei nola aurre egin zien. Errekorra egin zuenean atseden hartzen zuen besaulkitik aritu da azkoitiarra.

Anekdoten artean, jokalari faltarena azaldu du aurrena Larrañagak. Igande goizaldeko (azaroak 28) 04:00etan, Larrañagari abisatu zioten une hartan jokalarien falta zutela. "Herrira zetorren autobusen batek huts egin zuen, eta errekor saiakera arriskuan izan nuen une batez. Dena den, makalago aritzeko esan zidaten, eta pare bat orduz lasaiago jokatu nuen".

Era berean, "goserik ez" zuela pasatu adierazi du, baina aurrera jarraitzeko, "jan egin behar" izaten zuela. Indarrak hartu behar zituela eta, oilaskoa jateko apeta edo nahia sortu zitzaion. "Hurrengo atsedenaldirako oilasko iztarrak eta bularkia ekarri zizkidaten, eta guztia irentsi nuen bost minutuan". Orduek aurrera egin ahala, nekeak gero eta gehiago eragin zion Larrañagari. "Igandeko 14:00etan, burua hutsik sentitu nuen; boxeoko kolpeak jasotzen ariko banintz bezala zen; proba niri irabazten ari zen". Une batez, berriz, "25 xake taula" ikusten zituela azaldu du azkoitiarrak. "25 xake taulak noria baten moduan bueltaka ikusten nituen nire buruan. Zorabiagarria izan zen guzti hura".

Indarrak atera eta jokatzen jarraitu zuen, ordea, Larrañagak. Igandeko 21:00etarako 28 ordu zeramatzan jokoan xake jokalariak. "Brebrichen errekorraren azpitik nebilela esan zidaten antolatzaileek, eta errekorra egin nahi banuen, erreakzionatu eta azkartu beharra nuela. Erritmoa azkartu eta nituen eta ez nituen indar guztiak atera nituen. Hala lortu nuen astelehenera, azaroaren 29ra, iristea. 31 ordu neramatzan jokoan, baina artean ez nuen Brebrichen errekorra gainditzerik lortu".

Amaieran, ospakizunik gabe

Asteleheneko 00:42 zirenean jo zuen azkeneko txilin hotsak udaletxean; orduan amaitu zuejn lana Larrañagak. "Jokatzen ari nintzen, baina proba gelditzea erabaki zuten, helburua bete nuela esan zidaten eta. Jokoan segi nezakeen, baina, zertarako? Nire segurtasunagatik nahiz osasunagatik, gelditu egin zuten".

Helburua bete eta egindakoa ospatzerik ez zuen izan, ordea, Larrañagak; autoan sartu eta etxera eraman zuten segituan hura. "Oso nekatuta eta tenkatuta nengoen. Asko kostatu zitzaidan gaur hartan lo hartzea. Hurrengo egunean esnatu nintzenean, ahul eta indarrik gabe sentitzen nintzen, gripea edukiko banu bezala. Hankak ere puztuta nituen, gutxi gorabehera maratoia egin nuen-eta udaletxean bueltaka". Pisua neurtzea izan zen haren beste eginkizunetako bat. "63 kilo bueltan ibili izan naiz beti, baina pisatu nintzenean, ez nintzen 60 kilora ere iristen".

Errekorra Guinness erakundeak Larrañagaren errekorra aitortzea izan zen hurrengo urratsa. Lan hura ere kostatu egin zitzaiela azaldu du Larrañagak. "Klubak beharrezko dokumentazio guztia bete zuen, federazioaren agiria ere lortu genuen, eta Guinness erakundera bidali genuen. Asteak igaro ziren, hilabete bat ere bai, baina ez ziguten kasurik egiten. Bigarren aldiz saiatu ginen dokumentazioa bidalita. Azkenean, Espainiaren Londresko enbaxadara joan ginen, eta horiekin aste gutxira lortu genuen errekorra aitortzea".

Erlazionatuak

Xake-matea munduari

Andoni Elduaien 2023 api 19 Azkoitia

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide