Erramua bedeinkatuz hasi ditu Azkoitiko Parrokiak Aste Santuko ekintzak

Ane Olaizola 2023ko api. 2a, 12:06

Erramu Igandeko ekitaldia egin dute goizean Azkoitian, eta dozenaka lagun elkartu da plazan. Felix Azurmendi erretoreak erramu adarrak bedeinkatu ditu, eta ondoren, elizara prozesioan joan dira guztiak. Beste behin, bakearen aldeko mezuak zabaldu dituzte.

Erramu Igandeko ekitaldia egin dute goizean Azkoitian, eta beste urte batez, gerren kontrako eta bakearen aldeko mezuak zabalduz. 11:00etarako plazan bildu dira herritarrak, eta hara iritsi dira katekesiko haurrek parrokiatik hasi duten prozesioa ere. Euriak atseden eman badu ere, Kontzejupean elkartu dira guztiak, eta Felix Azurmendi erretoreak herritarrek esku artean zituzten erramu adarrak bedeinkatu ditu. Ekitaldian, gainera, gogoan izan dituzte gerra egoeran dauden zein hondamendi naturalak jasan dituzten hainbat herrialde, hala nola Ukraina, Siria eta Turkia.

Ekitaldia amaitu dutenean, guztiak prozesioan joan dira elizara, eta han meza nagusia eman du Azurmendik.

Modu horretara hasi ditu Azkoitiko Parrokiak Aste Santuko ekintzak, eta datozen egunetan ere izango da beste ekitaldirik. Hemen ikus daiteke egitaraua:

Apirilak 6. Ostegun Santua:

  • 11:00etan, parrokian haur eta gaztetxoentzat ospakizuna eta bisita gidatua.
  • 12:30ean, bisita gidatua parrokian: Parrokia eta Aste Santuko irudiak.
  • 17:00etan, meza, Santa Klara elizan, gaztelaniaz.
  • 19:00etan, Jesusen afariaren ospakizun meza parrokian, euskaraz.
  • 21:00etan, otoitzaldia: Gau Gurtza.

Apirilak 7. Ostiral Santua.

  • 09:00etan, parrokia irekiko da gogoetarako eta bisitarako.
  • 11:00etan, Gurutze Bidea.
  • 16:00etan, Jesusen Nekaldi eta Heriotzaren ospakizuna, Santa Klarako elizan, gaztelaniaz.
  • 17:00etan, Jesusen Nekaldi eta Heriotzaren ospakizuna euskaraz, parrokian, eta prozesioa, parrokiatik hasita.
  • 21:30ean, Hilobirako Prozesio Santua.

Apirilak 8, larunbata. Pazko Bezpera.

  • 21:00etan, Parrokian Pazko Gaubeila, euskaraz: sua, pazko suzia eta uraren bedeinkapena. Berpizkunde Meza.

Apirilak 9,  Pazko Igandea.

  • 11:00etan, Pazko meza nagusia.

Hona hemen egitaraua osorik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide