Urrezko hiru puntuak etxean gelditu dira

Mailo Oiarzabal 2023ko api. 1a, 20:02

Joko handirik gabeko neurketan, Anaitasunak bere abaguneak aprobetxatu ditu eta 1-0 irabazi dio gol aukerak huts egin dituen Lagun Onaki.

Etxekoentzat poza eta kanpokoentzat nahigabea. Ikusmina pizten dute beti Anaitasunaren eta Lagun Onaken arteko derbiek, eta gaurkoak ere jarraitzaile ugari elkartu ditu Txerloian. Gaurkoan, gainera, Espainiako Hirugarren Mailako beren multzoko jaitsiera postuetatik aldentzeko urrea balio zuten hiru puntu zituzten jokoan bi taldeek. Pisu horregatik, edo horrelakoetan ohikoagoa izaten delako, partida onik ez dute ikusi Txerloian elkartutakoek. Joan izanaren damurik ez dute izango, ordea, gorrixen jarraitzaileek, Anaitasunak 1-0 irabazi eta urrezko hiru puntuak batzea lortu baitu. Xabik egin du neurketako gol bakarra, 72. minutuan.

Lehen zatian behetik berdinduta ibili dira bi taldeak. Baloiak ez zuen asko irauten ez batzuen eta ez besteen oinetan, eta lan gutxi izan dute atezainek. Anaitasunarena izan da aukera garbiena: lehen 45 minutuetan ikusi ahal izan den ondo harilkatutako jokaldi ia bakarraren ostean, gora joan zaio jaurtiketa Julen Aramendiri.

Bigarren zatian iritsi dira derbia erabaki duen gola, aukerak eta emozioa. Hain zuzen ere, Lagun Onakek izan ditu aukera garbi gehienak, baina etxekoek ez bezala, barkatu egin du ate aurrean. Azkoitikoek beren zelaian baloia galdu ondoren iritsi da Azpeitikoen lehen abagunea, 61. minutuan, baina Iradik gora bidali du baloia. Anaitasunaren gola etorri da gero. Hortik aurrera eta ezinbestean, gora egin dute bisitariek, baita gol aukera garbiak sortu ere. Bi onenak ia jarraian izan dituzte, eta bietan zutoinera joan da baloia, Bengoetxeak area kanpotik jaurtita 79.ean, eta Iradiren jokaldi ederraren ondoren Ruiz atezainak desbideratuta, 80.ean.

Luze egin zaie amaiera bitarteko bidea etxekoei, baina ahaleginak ahalegin, Lagun Onakek ez du lortu saririk.

Gaurko hiru puntuekin, 34 ditu Anaitasunak; jaitsiera zuzenetik zortzi puntura jarraitzen du, derbia hasi aurretik bezala, baina orain hiru partida eta bederatzi puntu gelditzen zaizkio jokatzeko. Lagun Onaki, berriz, goitik ez, baina behetik are gehiago estutu zaio egoera; sailkapenaren azken hirugarren tokian jarraitzen du, 27 punturekin. Sei talde daude hiru punturen aldearekin, jaitsiera saihesteko lehia estuan.

Datorren jardunaldian, Basconiaren zelaian jokatuko du Anaitasunak, eta Padura aurkari zuzena hartuko du Garmendipen Lagun Onakek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide