Ezohiko aldetik

Ane Olaizola 2023ko mar. 9a, 13:20

Ane Olaizola kazetariak otsaileko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Ezohiko aldetik'.

Nora joan dira gaztetan behin eta berriz entzuten nituen disko eta kasete zaharrak? Zein momentutan utzi dute etxea? Nork eman die horretarako baimena? Galdera horiek egiten dizkiot nire buruari irratian Lou Reeden abesti bat jarri dutenean. Urteak dira entzun ez dudala, baina gogoan ditut haren hitzak. Ordea, memoria astinduagatik, ez dut lortzen orduko altxor haiek non eta nola galdu ziren oroitzea. Memoria lausotzea izan daiteke nagusitzen ari zaren seinalea: gauza konkretu batez gogoratu ahal izateko jomugan jarri nahi duzun garai hura, gaztaroa, gero eta urrunago ikustea; lankideetako batzuk ume ziren kaseteak esku artean izan zituztenean, baina nik unibertsitatera egiten nituen joan-etorrietan, artean euskarri horretan entzuten nituen garaikide izan ez nuen Reeden doinuak. Denborak jartzen du bakoitza behar duen lekuan. Ni, profesio honetara sartu nintzenean, lantokiko benjamina nintzen, baina dagoeneko hanka bat sartua dut beteranoen kategorian; konturatzerako bihurtuko naiz klasiko.

New Yorkeko poeta klasikoa bera ere ez zen herdoildu denborak aurrera egin ahala, ordea. Alde gaiztotik nahikoa paseo eginda, belusezkoak ez ziren beste mugimendu batzuetan bilatu zuen hark egun perfekturako plana. Azken txanpa hartan, zapaldu zuen Euskal Herria ere, ezagutu zuen euskal pilota eta gozatu zuen gure mamiaz. Laster beteko dira hamar urte hura hil zela; zortzi, haren omenez euskal musikari talde bat elkartu eta artista amerikarrari omenaldia egiteko haren abestiak euskaraz grabatuta diskoa kaleratu zutenetik. Hain zuzen, Lou Reed, mila esker diskoa osatzen duten hamar abestien artean dago irratian jarri dutena. Zera kantatzen du abesti horretan Txema Murugarrenek, trikitiaz lagunduta: "Jaio bazara herrixka baten, badakizu ez dela ospetsurik atera hortik. Jaio bazara herrixka baten, eta etsita itotzen bazara, ezin ihes egiteaz, ez zugandik ez bizi zaren lekutik [...] Azal gaixo, begi motz, gay eta gizen, xomorrotzat hartuko zaituzte herrixka baten bazaude. Aita eraikuntzan lanean, nik ez dut horretarako dohainik. Zertarako duzu ba dohainik? Ospa egiteko hemendik".

Herrixka baino handiagoa den herri honetan ere badira hainbat zomorro sentitu direnak

Herrixka baino zerbait handiagoa den herri honetan ere badira hainbat zomorro sentitu direnak. Gizartearen konbentzioetatik kanpora edo ezohiko aldera jotzeagatik begitan hartuta, sotilki itoarazten ditugunak. Ezezagunak beldurtzen gaitu, eta beldurrak, usteldu. Ez ahaztu, ordea, tximeleta ere inoiz izan zela har, hegoak astindu aurretik. Memoria lausotu baino lehen eta denborak bakoitza bere lekuan jarri bitartean, han edo hemen, elkar gaitezen aske nahi gaituztenekin.