Gaur itxiko da emakumeen binakako pala txapelketan izena emateko epea

Anartz Izagirre 2022ko abe. 26a, 10:36

Urola Erdiko Itaiak antolatu du txapelketa, eta gaur, astelehena, izango da bertan izena emateko azken eguna. Partidak eta finalerdietarako sailkapenak urtarrilean zehar jokatuko dira, eta otsailaren 11n izango dira finalerdia eta finala, Azpeitian.

Datorren urterako emakumeen binakako pala txapelketa antolatu du Urola Erdiko Itaiak, eta gaur, astelehena, izango da bertan izena emateko azken eguna. Antolatzaileek iragarri dutenez, partidak eta finalerdietarako sailkapenak urtarrilean zehar jokatuko dituzte, eta finalerdiak zein finala otsailaren 11n izango dira. Gainera, egun osorako egitaraua antolatu dute egun horretarako; izan ere, 10:00etatik 13:00etara finalerdiak eta finala jokatuko dituzte Azpeitiko Frontoi Txikian, eta ondoren, bazkaria egingo dute Azpeitiko Berdura Plazan, 14:30etik aurrera. Horren ostean, berriz, sari banaketa egingo dute. Txapelketako partaide guztiek 09:30erako Frontoi Txikian egon beharko dute.

Izena emateko aukera honako lekuetan jarri dute: Azpeitian, Haginpe eta Urola Express tabernetan; Azkoitian, Dean tabernan, eta Zestoan, jubilatuen tabernan. Itaiaurolaerdia@gmail.com helbide elektronikora idatzita ere egongo da horretarako aukera; mezuan bikotearen izena eta telefonoa zehaztu beharko dira. Bikoteko hamabost euro ordaindu beharko da izen-ematea, eta otsailaren 11ko bazkarirako txartel bana jasoko du partaide bakoitzak. Bazkarira joan nahi duten gainontzeko herritarrek hamar euro ordaindu beharko dute otordua langabeak badira, eta hamabi euro, landunak badira.