Estu hartu du liderra Juaristi ISBk

Andoni Elduaien 2022ko abe. 21a, 08:43

Nathan Hoover saskiratzearen bila. (Mikel 'Otola')

Juaristi ISBk esku eskura izan zuen Urrezko LEB ligako liderraren aurka garaipena atzo, asteartea, Azpeitiko kiroldegian. Partidaren azken hondarrean etxekoena izan zen jabetza, baina denbora ez zuten behar bezala kudeatu Odriozolarenek, eta azken segundoan lortutako hiruko saskiratze batek eman zien garaipena bisitariei (84-87).

Liderra estu hartzea ez zen nahikoa izan atzo, asteartea, Juaristi ISBrentzat. Zunder Palencia sailkapeneko liderra jaso zuen Mikel Odriozolak zuzentzen duen taldeak, Azpeitiko kiroldegian. Partida gorabeheratsua izan zen markagailuan, eta arauzko denboraren azkeneko hondarrean bisitariek lortutako hiruko bati esker garaipena Palentziara (Espainia) joan zen.

Bikain ekin zion ISBk neurketari; joan den ostiralean Caceresen (Espainia) lortutako garaipenari jarraipena eman zion etxeko taldeak lehen laurdenean. Zazpinako berdinketaren ostean, Odriozolarenek hautsi egin zuten markagailua, hamar eta hutseko partziala lortuta. Hala, 11 puntu goitik amaitu zuen lehen laurdena ISBk (23-12). Bigarren laurdenean, ordea, liderrak bere onena erakutsi zuen, eta antzu utzi zuen saskiaren aurrean etxeko taldea; zazpi puntu besterik ez zituzten saskiratu Juaristi ISBko mutilek. Hamabost puntu goitik ere izan zen une batean Palentziako taldea, baina azkenean 30 eta 41 ailegatu zen lehia atsedenaldira.

Aldageletatik bueltan ISBk lehen laurdeneko itxura berreskuratu zuen, eta bisitarien errenta handiena eteteko gai izan zen Azkoiti-Azpeitiko taldea; bost puntura arrimatu zen Odriozolak zuzentzen duen taldea (58-63). Azken laurdenera ere gogor kantxaratu ziren mutilak, garaipena lor zezaketela sinetsita, eta arin batean irauli zuen markagailua ISBk. Uneren batean bederatzi puntu goitik ere izan zen Juaristi ISB (79-70). Dena den, handik aurrera liderrak lehen postu horretan zergatik dagoen erakutsi zuen Azpeitian, aurkariaren parean jarri baitzen markagailuan.

Garaipena esku eskura izan zuten etxekoek, horretarako jabetza bat baino gehiago izan baitzituzten Odriozolarenek. Batetik, Ibrahim Magassak lortutako hiruko saskiratzea denboraz kanpo iritsi zen, eta bestetik, Kevin Buckinghamek lortutako hirukoa ere ezerezean utzi zuten epaileak, Khadim Syren erasoko falta adierazita. Azken jabetzan ez zuen denbora behar bezala kudeatu ISBk, eta bisitariei zazpi segundoko azken jabetza utzi zien. Korrika bizian atera ziren beren zelaitik ISBk defendatzen zuenera, eta hala lortu zuten garaipena eskuratzeko hirukoa.

Kolpe handia izan zen ISBrentzat, baina atzo erakutsi zuen arrazoia garrantzitsua da inondik inora sailkapeneko azkena den talde batentzat: edonoren aurka lehiatzeko gaitasuna du ISBk. Nathan Hoover izan zen atzo taldeko jokalaririk onena. Estatubatuarrak 23 puntu saskiratu zituen eta 20 puntuko balorazioa eskuratu zuen. Nabarmentzekoa da, baita ere, Ierai Aizpitartek hamalau minututan egindako lana. Hamalau puntu saskiratu zituen azpeitiarrak eta hemeretzi puntuko balorazioa erdietsi. 

14. jardunaldiko neurketa izango du 2022. urtea amaitu aurretik ISBk, eta orduan, Burgosera (Espainia) egingo du bidaia taldeak. Endesa Ligatik aurten jaitsi den Hereda San Pablo Burgos talde ahalguztidunaren aurka jokatuko dute otsoek. Abenduaren 29an, ostegunez, jokatuko dute partida, Coliseum Burgos kantxan. Lehia 20:45ean hasiko da.