Antolakuntzan erreleborik ezean, datorren urtean itxiko du ibilbidea Iñaki Beitia Mendi Martxak

Andoni Elduaien 2022ko abe. 19a, 16:42

Aurten egindako mendi martxako irudia, Oleta inguruan. (Iñaki Beitia Mendi Martxa)

Datorren urtean, mendi martxaren XXV. edizioa egingo dute maiatzaren 21ean. Antolakuntzak adierazi du taldea "ahituta" dagoela, eta hori horrela, antolakuntzak erabaki du mendi martxak ibilbidea itxiko duela erreleborik ez badute izaten.

Datorren urtean 27 urte beteko dira Iñaki Beitia zendu zela, eta haren omenez antolatzen duten mendi martxaren XXV. edizioa 2023ko maiatzaren 21ean, igandez, egingo dute. Dena den, baliteke datorren urtekoa ibilbideko azkena izatea; izan ere, antolakuntza batzordeak sare sozialetan jakinarazi du antolakuntzak erreleborik ez badu izaten, datorren urtekoa Iñaki Beitia Mendi Martxaren azkena izango dela.

Zumarragan hasi ohi da martxa, eta inguruko zenbait mendi igarotzen dituzte parte hartzaileek, tartean Azkoitiko batzuk. Antolatzaileek "bizipen ugari" izan dituzte urte hauetan guztietan. "Pertsona asko ezagutu eta ekimen zoragarri bat burutu dugu jatorri, pentsamendu eta ideologia ezberdinetako gizabanakoen lankidetzan. Zoriontsuak izan gara eta harro gaude gutaz eta zuetaz, gure bidaia lagunez". Mendi martxa "bizirik, osasuntsu eta maila gorenean" dagoela azpimarratu du antolakuntzak. Era berean, ordea, denboraren joanak taldean "eragina" izan duela nabarmendu dute, antolatzaileak "ahituta" eta "agortuta" sentitzeraino.

Hori horrela, datorren urtekoaren ostean mendi martxa antolatzeko talderik edo norbanakorik ez bada aurkezten, mendi martxa amaitzeko erabakia hartu dute. Horrela adierazi dute antolatzaileek: "Antolakuntza batzordearen erreleborako inor agertzen ez bada, une egokia iruditzen zaigu hogeita bosgarren edizioa mendi martxarekin amaitzeko". Mendi martxak ibilbidea ixteko erabakia hartzen badu ere, Beitia "gogoratzen eta ohoratzen" jarraituko dute, baina modu "intimoagoan".