Eguzkik salatu du Udal Gobernuak ez dituela ibaiak garbitzeko akordioak bete

Andoni Elduaien 2022ko abe. 19a, 10:35

Urola ibaitik erakunde ekologistak jasotako zaborrak. (Eguzki)

2022. urteko aurrekontuetarako Udal Gobernuak eta oposizioak hainbat ingurumen akordio hitzartu zituzten: bat, ibaiak garbitzeko 25.000 euro bideratzea, eta bestea, ibai ertzetako baranden azpian sareak jartzeko 22.000 euro jartzea. Eguzki erakunde ekologistak salatu du Udal Gobernuak ez dituela bi hitzarmen horiek bete, eta adierazi du horrela "egiaztatuta" gelditu dela Azkoitiko Udal Gobernuaren "ingurumen desafekzioa".

Eguzki erakunde ekologistak Juin kalean jarri du ikusgai Urola ibaitik jasotako zaborra. Hain justu, Olotzaga pareko presatik Sidenor lantegira artean batutako zaborra eta Matadeitik Txerloira bitartean —Azkoitiak Azpeitiarekin muga egiten duen tokira arte— jasotakoak dira ikusgai jarri dituzten hondakinak. "Hori da argazkia gaur egun ere, ibaiek jasaten dituzten tratu txarren eta abusuen ageriko aurpegia", azaldu du erakunde ekologistak.

Eguzkik gogorarazi du Udal Gobernuak eta oposizioak 2022ko aurrekontuetarako bi partida hitzartu zituztela: bat, Urola ibaia garbitzeko 25.000 eurokoa, eta bestea, baranden azpian saretak jartzeko 22.000 eurokoa. Otsailaren erdian, Eguzkik udalari Gipuzkoako Foru Aldundiak ateratako diru laguntza lerro baten berri eman zion. Hain justu, udalei eta mankomunitateei zuzendutako laguntza bat zen, ibaietan, kostaldean eta lehorrean sakabanatutako zaborren metaketa prebenitzeko eta zuzentzen laguntzeko jarduerak gauzatzeko.

Azken hilabeteetan, erakunde ekologistak udalean hainbat idatzi aurkeztu ditu; lehena, Aldundiaren diru laguntzen berri izan zuenean, otsailean. "Eskariari udalean sarrera eman baino lehen, erreka arakatu genuen, eta zabor tonak ikusi genituen. Ikusi genuen gure herritik igarotzen dena ez dela ibai bat, benetako zabor hustubide bat baizik". Urrian sartu zuen erakundeak bigarren idatzia udaletxean, "ibaian beste miaketa bat" egin zutela esateko eta udalak "garbiketa sakonik ez" zuela egin adierazteko. "Nolabaiteko harridura sortu zigun apirilaren 25ean argitaratutako Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean Azkoitiko Udala diru laguntzen eskatzaile gisa agertu ez izanak".

Azaroaren lehen astean jaitsi ziren hirugarrenez Eguzkiko kideak ibaira. "Azaroaren 14rako bilduta zeuden ibaia kutsatzen zuten zaborrak. Azaroaren 21ean, euri ugari utzi zuen fronte hotzak, ibaia oso hazita zegoen eta ura indarrez jaisten zen. Zer gertatuko zatekeen zabor horiek erretiratu izan ez balira?", galdetu du erakundeak. Eguzkiren arabera, zeregin horietarako dira Aldundiaren dira laguntza horiek. "Ahal den neurrian, errekara eta gure kostaldera hondakinak isurtzea saihesteko dira diru laguntzak, plastikoen arazoa errealitatea baita aspaldian".

Era berean, talde ekologistak Altzibar auzoan, Bizkargi nahiz Ugarte kaleetan eta Juin kaleko zubiaren aurrean ibai ertzetako baranden azpitik igarotako hondakinak jaso zituen ibaitik azaroaren erdian. Guztira, ibaitik askotariko 123 hondakin atera zituztela jakinarazi du erakunde ekologistak. "Udalak jasotzen ez dituen hondakinak dira horiek guztiak; saretak jarri ez dituzten lekuetatik ateratakoak, nahiz eta horretarako dirua izan. Zergatik ez dituzte zabor horiek ibaitik atera?". Erakundeak adierazi du Udal Gobernua oposizioarekin mahai batean eseri eta partida horien aurrekontuak adostu zituenerako, "hark zabor horiek ez kentzeko erabakia hartuta" zuela. "Hori da zentzua duen azalpen bakarra. Erabakita zuten ez zituztela akordio horiek beteko, hau da, ez zituztela garbiketarako 25.000 euroak eta babes neurrietarako 22.000 euroak gastatuko. Hori horrela izanda, normala da otsailean Aldundiaren laguntzak ez eskatzea".

Eguzkirentzat "egiaztatuta" gelditu da Azkoitiko Udalaren "ingurumen desafekzioa". Erakunde ekologistari "zaila" egiten zaio ulertzea zaborra ibaian izanda hura ez erretiratzea. "Azpimarratu behar da kode etikoak eta gobernu onak eginkizun garrantzitsua betetzen dutela gizarte demokratiko batean, eta udalak horretan oinarritu behar duela: eredugarritasuna, erantzukizuna eta fede ona. Hautetsien eta herritarren arteko konfiantza handitzeko tresna izan behar du, eta hori ere ez du bete". Bide batez, Eguzkik jakinarazi du Azkoitiko Udalak Uraren Euskal Agentziarekin hitzarmena sinatuta duela, eta agentzia horri salaketaren berri emateaz gain, hitzarmena zertan oinarritzen den ere galdetu diola.